Udal euskaltegiko izen ematea astelehenean zabalduko dute
Hilaren 24tik abenduaren 4ra egongo da irekita epea. Eskaera egin ondoren, maila probatzeko hitzordua hartu behar da 943 50 52 73 zenbakian.
Irungo Udal euskaltegiak urtarriletik martxora zenbait ikastaro trinko eskainiko ditu, eta horietan izena emateko epea hilaren 24an (astelehena) zabalduko dute abenduaren 4ra bitartean.
Xehetasun gehiago emateko, agerraldia egin dute gaur goizean Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteria ordezkariak eta Miren Tolosa Udal euskaltegiko zuzendariak.
Prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, ikastaro trinkoan izena ematen dutenek urtarrilaren 7tik martxoaren 30era bitartean jasoko dituzte eskolak; egunero lau orduko saioak izango dira, 09:00etatik 13:15era.
Era berean, nabarmendu dute urritik ekainera bitartean ematen dituzten saioetan ere oraindik badagoela plaza librerik, eta horietan izena eman daitekeela. Kasu horretan, astean bost orduko klaseak eskaintzen dituzte.
Caballero: “Udal euskaltegitik euskararen ikaskuntza erraztu nahi dugu, eta horregatik eskaintzen ditugu urtero ikastaro trinkoak ordutegi eta maila ezberdinekin. Eskaintza zabal horri esker gure zerbitzu publikoa hurbildu eta pertsona bakoitzaren egoera pertsonal, laboral eta profesionaletara egokitu dezakegu, bai ikasi nahi duenarentzat, bai euskara hobetu edo titulu bat lortu nahi duenarentzat”.
Udal euskaltegiko ikastaroetan izena eman nahi dutenek eskaria telematikoki aurkeztu beharko dute Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez zein hirian zehar dauden autozerbitzu telematikoak erabilita. Horretarako, baina, sinadura elektronikorako sistemaren bat erabili beharko dute; Irun Txartela edo BAKQ, kasu.
Horretaz gain, agerraldian jakinarazi dute LANNAHI egitasmoaren onuradunek 20 euro ordaindu beharko dituztela ikastaro trinko bakoitzeko.
Azkenik, aipatu dute eskaria egiteaz gain maila frogatzeko proba egin behar dela udal euskaltegian ari direnek edota aurreko ikasturtean aritu direnen kasuetan izan ezik. Hortaz, izena eman ondoren mailaketa proba egiteko 943 50 52 73 zenbakira deitu behar da hitzordua eskatzeko.

