IX. Greziar jardunaldiak egingo dituzte Oiasso museoan
Larunbatean izango da hitzordua, eta egun osoko egitaraua ondu dute. Foivos Delivorias kantautore greziarra izango da protagonistetako bat.
2016az geroz, Periplo elkarteak greziar kulturaren inguruko jardunaldiak antolatzen ditu Irungo Oiasso museoan, eta, aurtengoan ere ez dute huts egingo. Izan ere, larunbatean (hilak 22), Santa Zezilia musikaren zaindariaren eguna izango da, eta Greziako musika garaikidea omentzeko probestuko dute IX. greziar jardunaldia.
Bide horretan, Greziako musika garaikidearen panorama izenburupean, Manos Hatzidakis eta Mikis Theodorakis XX. mendeko bi konpositore heleniarren jaiotzaren mendeurrena gogoratuko dute.
Gainera, ekitaldi horretan Foivos Delivorias kantautore greziarra bertan izango da.
Gauzak horrela, egunari hasiera emateko, eguerdiko hamabietan Musika greko garaikidea eta bere generoak, Greziako musikaren estilo adierazgarrienetan barrena ibilaldi bat hitzaldia emango dute. Delivoriasen soinudun adibide eta iruzkinak izango dituzte mintzagai saioa. Sarrera librea da.
Arratsaldeko zazpietan, berriz, beste hitzaldi bat emango dute, eta kasu horretan XX. mendeko konpositore greko handiek Hatzidakis eta Theodorakisen bizitzetara zein obretara hurbilduko dituzte bertaratzen direnak.
Eta, azkenik, egitaraua handira borobilduko dute Deilovirasek emango duen kontzertuarekin. 20:15ean hasiko da emanaldia, eta sarrerak erosi behar dira aldez aurretik, hemen.

