Zenbait hitzordu antolatu dituzte A25aren harira
Irungo Udalak eta hiriko elkarte feministek zein emakume elkarteek elkarlanean ondu dute aurtengo egitaraua.
Azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren aurkako eguna da, eta Irungo Udalak hiriko zenbait eragilerekin batera egitarau zabala ondu dute egun horren harira.
Gaur goizean egin dute agerraldia Cristina Laborda Irungo alkateak eta Maite Cortinak egitaraua osatu duten beste eragileen ordezkariekin batera, eta jarduera sortaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Hogei bat jarduera antolatu dituzte datozen egunetarako, eta udalaz gain, honako elkarte edota eragilek hartu dute parte antolaketan: Irungo Emakumeen Etxea elkarteak, Bidasoako Elkarte Feministak, Uxoak, Argoiak Kultur Elkarteak, Parean Elkarteak eta Txingudiko Elkarte Feministak. Horiez gain, alabaina, Berdintasun Batzordeak ere hartu du parte prozesuan.
Dagoeneko egin dituzte zenbait jarduera, eta zerrendako hurrengo hitzordua gaur (hilak 17) izango da. Bidasoaldeko Elkarte Feministak antolatu du jarduera, eta Artiako auzo elkartearen egoitzan, 17:00etan hasita, El color púrpula filma ikusi eta solasaldia egingo dituzte.
Laborda: “Funtsezkoa da gizartea kontzientziatzen jarraitzea, indarkeria matxista lazgarria baita eta urtez urte datu izugarriak baititugu. Horregatik, Irungo Udalak jarduerak sustatzen eta baliabideak inbertitzen jarraituko du emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazten saiatzeko eta, horrela, gizartea parekide eta feministagoa izateko bidean aurrera egiteko”.
Cortinak, bere agerraldian, berriz, nabarmendu du garrantzitsua dela berriro bat egitea hiria hilaren 25aren inguruko jarduerez betetzeko. “Azaroaren 25a ez da nolanahiko eguna, eta borroka hau emakume eta gizonena da. Irundar guztion artean gizarte parekide eta seguruagoa eraiki behar dugu, eta, batez ere, emakumeen kontrako inolako indarkeriarik onartzen ez duena. Erantzukizun indibidual eta kolektiboa funtsezkoak dira horrelako portaerak desagertzeko”.
Hilaren 25ean bertan zenbait ekintza egongo dira hirian. Eguerdiko hamabietan elkarretaratzea egingo dute San Juan plazan, eta, ordubete geroago kantu eta dantza emanaldi feministak izango dira Zabaltza plazan.
Arratsaldean El color púrpura filma emango dute San Migeleko adinekoen espazioan. Gainera, Asun Casasola kontakizun sariketaren XI. edizioa hasiko da.
Egitaraua
- El color púrpura filma eta solasaldia.
- Gaur, hilak 17: Artiako auzo lokalean, 17:00etan.
- Hilak 25, asteartea: San Migel auzoko adinekoen lokalean, 17:00etan.
- Hilak 26, asteazkena: Belaskoeneako adinekoen lokalean, 17:00etan.
- La mirada feminista y antiracista de las mujeres migradas hitzaldia.
- Hilak 21, ostirala: Jeanne-Rolande Dacounga Minketteren eskutik, Palmera Monteron, 18:30ean.
- Violencia, manipulación vs amor verdadero… cómo detectarlo en nosotras y nuestras relaciones hitzaldia.
- Hilak 24, astelehena: Florencia Savantik emango ditu hitzaldia eta autodefentsarako giltzak, Palmera Montero guneko 5. gelan.
- II Encuentro de mujeres autóctonas y mujeres migradas.
- Hilak 29, larunbata: Palmera Montero guneko bigarren gelan, 11:00etan. Bertan parte hartzeko izena eman behar da helbide elektroniko honetan.
- Envasadas antzerkia.
- Abenduak 7, igandea. Palmera Montero guneko bigarren gelan.

