Ikasleek emango diote hasiera Migratzailearen Eguneko egitarauari
Hirubide, Eguzkitza eta Txingudi Ikastolako DBHko 3. mailako eta Mendibil Heziketa Zentroko 350 ikasle inguruk parte hartuko dute migrazioari buruzko sentsibilizazio lanean.
Josu Iguiñiz Irungo Udaleko Gizarte Ongizateko ordezkariak, Jose Luis Roncero Moviltik elkarteko arduradunarekin batera, abenduaren 18an ospatzen den Migratzaileen Nazioarteko Eguneko egitarauaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur goizean. Datorren astetik aurrera, Irungo ikasleek hainbat tailerretan parte hartuko dute, errealitate birtualeko betaurrekoak erabilita, migrazioari buruzko sentsibilizazioa landu dezaten. Hain zuzen, Hirubide, Eguzkitza eta Txingudi Ikastola ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailako eta Mendibil Heziketa Zentroko 350 ikaslek parte hartuko dute Moviltik elkarteak diseinatutako tailer horietan.
Haietan, programaren helburuei buruzko sarrera labur batekin hasiko dira, eta emakume migratuen historiei buruzko ariketak ere egingo dituzte, errealitate birtualeko betaurrekoekin. Migrazioari buruzko solasaldiak ere egingo dira ikasleekin.
Hiriko gazteekin egingo diren tailer horiekin batera, Palmera Monteron emakume migratzaileei buruzko erakusketa bat egongo da abenduaren 20tik 27ra. Aurrerago emango dira horri buruzko xehetasunak.

