EAJren ustez, 2026ko aurrekontuek “irundarren bizi kalitatea hobetuko” dute
Irungo EAJk azaldu du 2026ko aurrekontuek bizilagunen “bizi kalitatea hobetzen” jarraitzeaz gain, herritarren arazoei “erantzuna” emango dietela.
Jeltzaleek azaldu dutenez, koalizio gobernura sartzeko helburu nagusitzat ezarri zituen alderdi horiek, eta joan den astean udal gobernuak aurkeztutako kontuek “talde jeltzaleak herritarrekin hartutako konpromisoa berresten dute, Irun hiri hobea izaten jarraitzeko egunerokotasuna lehentasun gisa jarrita”.
Azaldu dutenez, datorren urteko kontuak “bere osotasunean” landu dituzte gobernukideek. Honela deskribatu dute proiektua: “Anbizioa, datozen urteetako Irunen diseinua eta, batez ere, udalerriaren egunerokotasunari erantzutea dira hiriaren historiako aurrekontu handienaren gakoak”.
Proiektuak, orotara, 105,5 milioi euro jasotzen ditu, eta horietatik %50,8 kudeatuko ditu talde jeltzaleak. Haien hitzetan: “Segurtasuna eta Gizarte Ongizatea dira irundarrek gehien eskatzen
dituzten partidak. Berdintasunari buruzko zeharkako politikak alderdi jeltzalearen puntu nabarmenetako bat dira; euskararen sustapenak biztanleriaren zati handi bat hartzen du kontutan; eta obren bidez Irungo eguneroko kezka txiki horietara iristea lortzen da”.
Gorka Alvarez, Irungo Udaleko bozeramailea: “Gobernuan sartzerakoan irundarren bizi kalitatea hobetzeko konpromisoa hartu genuen; horretan ari gara eta horrean jarraituko dugu”.
Ildo beretik, EAJkoek jakinarazi dute Udaltzaingoaren plantilla berregituratzea eta handitzea agintaldi honetako neurri nagusia dela.
Era berean, azpimarratu dute adinekoak eta “behartsuenak” ere aurrekontu horien parte direla, eta, hortaz, honako neurriak hartu dituztela: jarduerak handitzea, zaintza eta arreta zerbitzuak hobetzea eta Lapizen adinekoen espazio berria irekitzea.
Horretaz gain, gehitu dute Obra, Mantentze eta Azpiegitura arloa Irungo bizilagunen bizi kalitatea “hobetzeko” tresna dela, baina, baita, oro har, “proiektu handiei aurre egiteko ere”. Horren adibide modura Plaiaundiko kirol eremua lekuz aldatzea aipatu dute. Bestalde, diote kontuek Txenpereneako kirol instalazioen proiektua eta obra zuzendaritza jasotzen dituela, eta hori EAJen
“apustu sendoa” dela. Bide horretan, aurreratu dute asfaltatze eta irisgarritasun, argiztapen, berdegune eta lorategi kanpainak indartuko dituztela, baina, baita, Anakako etxeen bigarren fasea
edo Aduana eraikinaren egokitzapena ere.
Aipatutakoaz gain, jeltzaleek diote aurrekontuek ekitaldi jendetsuetan hirian puntu lila gehiago jartzea barne biltzen duela. “San Pedro eta San Martzial jaietan eremu horiek zabaldu egin ziren
beste urte batzuekin alderatuta, eta datorren urtean indarkeria matxistei buruzko informazio puntu seguru horiek indartzen jarraituko da”.
Azkenik, esan dute Euskara Zerbitzuari dagokionean, hizkuntza sustatzeko programak indartzeaz gain, Plan Estrategikoak “Irun euskaldunagoa bultzatuko” duela.

