Hamabi ordu dantza egiteko
Larunbatean (hilak 15) denbora luzez dantza egiteko aukera egongo da Psilocyben「lotura」eragilearekin batera ondu duten programazioari esker.
Sustrai Sister Bilboko Sani Reggae jaialdian. @sustraisister / Instagram Urriaren amaieran eman zioten hasiera Psiloaroari, eta asteburu honetan (larunbatean, hilak 15) emango diote jarraipena hari. Sei astetan zehar antolatu dituzte kontzertua eta musika emanaldiak, eta, beraz, asteburu hau hirugarrena izango da. Berezia izango da gainera hitzordua,「lotura」programazio eragilearekin elkarlanean antolatu baitituzte zenbait emanaldi.
「lotura」Irun eta Hondarribian musika eskaintza areagotzeaz arduratzen den eragilea da, eta Psilocybe izango da larunbatean haren agertoki.
Hamabi orduz dantzan aritzeko aukera izango du hala nahi duenak, programazioa arratsaldeko seietatik goizeko seietara antolatu baitute. Actriq, Blua.Akvo eta Sustrai Sister, Celia Carrera, Kika 1000 eta Natural Language zein baetchu ariko dira, hurrenez hurren, Psilocyben.
Antolatzaileek, alabaina, aurreratu dute ez dutela kontzertuen ordena iragarriko, eta beraz, arratsaldean goiz aldera bertaratzeko deia egin diete bizilagunei emanaldirik ez galtzeko. Gainera, jakinarazi dute jatekoa ere egongo dela.
Sarrerak hemen eros daitezke, baina leihatilan bertan erosteko aukera ere badago, hogei euroan.

