"Garrantzitsua da norbere buruarekin konfiantza garatzea"
Behobia-Donostia lasterketa burutzeko gorputza lantzeaz gain, alderdi psikologikoa ere modu integralean, ez soilik kirol ikuspegitik, lantzearen garrantzia nabarmendu du irundarrak.
Igandeko Behobia-Donostia lasterketara begira jarri da Hitza. Helburuak betetzeko grinak ekar ditzakeen beldurrak eta frustrazioak nola arindu daitezkeen azaldu du Sara Mariezkurrena osasun psikologoak, eta lasterketaz gozatzeko zenbait gomendio eman ditu.
Beharrezko al dute kirolariek alderdi psikologikoa lantzea?
Baietz esango nuke, baina ez kirolaren alderditik soilik, baizik eta modu integralago batean. Egia da kirolariei jarraipen psikologikoa eramateak errendimenduan onura ekarriko diela, baina uste dut beste alderdietan ere haiek ondo egoteak kirolean eragina izango duela.
Gainera, uste dut garrantzitsua dela kirola enfokatzeko duten modua. Hau da, kirolaren alderdia lantzeko soilik psikologo bat behar izateak erakusten du agian kirola gehiegizko lehiakortasunarekin jorratzen dutela, edo ongizatea ekarri baino, eragin negatiboa duela harengan. Kasu horretan, kirolari beste esanahi bat eman behar zaiola uste dut, psikologoaren laguntzarekin kirola egiteko moduari beste zentzu bat emanez.
Zein modutan lagun dezake psikologo batek kirolarien errendimendua hobetzen?
Niretzat garrantzitsua da pertsona horren konfiantza lantzea. Bi kirolari mota daude: bere buruarekin ondo egoteko kirola egiten dutenak, eta lehiakortasuna sartzen denean lehiaketak eta abar egiten dituztenak.
Faktore ezberdinak egon daitezke, baina uste dut garrantzitsua dela norberak bere buruarekin konfiantza garatzea, gu [psikologoak] izan gaitezkeen ahots hori, gero beren ahots propio bihurtzeko.
Zenbaitek asko entrenatzen dute, eta karrerak edo dena delako lehiaketak egiten dituzte gero. Garrantzitsua da konturatzea entrenamendu horiek motxilan dituztela, gauzatzeko gai direla, eta ondo edo gaizki atera, saiatzen jarraitu behar dutela. Azkenean, errendimendu hori erakusteko berarengan konfiantza izatea garrantzitsua edo erabakigarria dela uste dut.
Demagun korrikalari batek lehen aldia duela Behobia-Donostia egiten, eta lasterketaz gozatzea eta helmugara iristea dela zure helburua. Baina bidean sufritzeko beldurra duzu. Nola kudea ditzakegu lasterketaren aurreko minutuak? Zein estrategia gomendatuko zenituzke?
Hemen garrantzitsuena da beldurraren aurrean hartzen ditugun jarrerak aztertzea. Beldurrak hiru aterabide posible ditu: blokeoa, «ez dakit zer egin eta ez dut ez atzera ez aurrera egiten»; saihespena, «beldurra ematen dit, hortaz, ez dut egingo»; edota egoerari aurre egitea.
Kasu honetan, beldurra diodanez sufritzeari ez egitea erabaki dezaket, edo beldurra izatea uneoro. Kontuan izan behar dugu beldur horren aurrean saihespena aktibatzeak sentitzen dugun gaizki-egon hori ken dakigukeela, baina aldi berean karrerak emango dizkigun gauza on pila bat ere kenduko dizkigula. Nire gomendioa da beldurrarekin gauzak egitera animatzea, kasu honetan korrika egiten. Baina beste edozein kasutan ere aplika daiteke.
Gainera, Behobia-Donostian jende pila izaten da animatzen. Jendeak eraman egiten zaituen lasterketa dela esaten da, eta esperientzia izaten da garrantzitsuena. Beraz, ikusten duzun momentuan kilometroak pasa eta pasa egiten direla, beldurra jaitsi eta sufrimendu hori apaltzen joango da.
Lasterketan sufritzen baduzu, segur aski irakaspenak aterako dituzu. Izan daiteke gehiago entrenatu behar duzula, beste modu batean, edo pertsona gehiagorekin. Modu batean edo bestean ateratzen duzun ondorioa positiboa izango da beti.
Orain, demagun asko entrenatu duzula eta denbora jakin bat egitea duzula helburu. Baina lasterketan konturatzen zara uste baino polikiago zoazela eta ezingo duzula helburua bete. Nola gestionatu beharko genuke egoera?
Hemen frustrazioaren kudeaketa erabakigarria da. Norbere burua zalantzan jartzea izaten da askok egiten duten lehen gauza: «Zer egin dut gaizki, zer egin dut ondo, edo zer hobetu dezaket momentu honetan?».
Askok ez dute jakiten nola atera aurrera. Bada, lehen gauza kontuan izan behar duguna da ez dagoela dena zure esku. Hau da, beste hainbat faktore egon daitezkeela gertaera horren atzean. Izan daiteke ez duzula ondo lo egin, urduri zaudela…
Eta lehen esan dudan bezala, entrenamendu horiek zure motxilan dituzu. Beraz, uste dut begirada altxatu eta zabaldu egin behar dela. «Ez dut nahi nuen denbora lortuko, baina ausartu naiz eta bukatuko dut».
Lasterketa ezin bukatu geratzen bazara pentsatu behar duzu gaurkoan ez dela posible izan, baina beste aukera gehiago izango dituzula aurrerantzean, eta egindako entrenamendu horien guztien emaitza beste modu batera erakusteko aukera izango duzula aurrerago. Garrantzitsua da konturatzea egun horretan gertatzen denak ez zaituela definitzen, eta aukera gehiago izango dituzula.
Ingurukoek nola lagun diezaiokete korrikalariari?
Jasotzeko egon behar gara. Hau da, pertsona hori bukle batean sartu denean eta etengabe dioenean «zein gaizki egin dudan, ez dut landutako guztia erakutsi» edo «entrenamendu guztiak pikutara bidali ditut», kanpotik errefortzu positibo hori izan behar dugu. «Ez da ezer gertatzen, hurrengoan aukera gehiago izango dituzu».
Nolabait, ikusten ez duen hori ikusaraziz, ezta?
Hori da.
Azkenik, zein gomendio emango zenieke korrikalariei?
Zaintzea, entrenamendu fisikoaz gain alderdi psikologikoa ere kontuan izatea, eta disfrutatzea. Denbora egin nahi duenak horretan saiatzea, baina lortzen ez badute gutxienez esperientziaz gozatzea.

