Prebentzio komunitarioaren inguruan udalak zabaldu duen informazioa "faltsua" dela dio EAJk
Udal gobernukideak udalera iritsi aurretik prebentzio komunitarioaren zerbitzuaren kontratua iraungita zegoelaren jakitu zirela esan dute jeltzaleek.
Hondarribiko EAJk udal gobernuari “eraginkortasun eza estaltzeko” konfrontazioa erabiltzea leporatu dio hedabideetara bidalitako ohar baten bidez. Izan ere, jeltzaleek onartu dute prebentzio komunitarioko zerbitzuaren kontratuak urteak zeramatzala berritu gabe, baina diotenez zerbitzua eguneratzeko Eusko Jaurlaritzaren V. Mendekotasun Planera egokitzeko prozesu betean ziren, eta beraz, udal gobernukideak udalera iritsi aurretik zerbitzu horren kontratua iraungita zegoelaren jakitu zirela esan dute.
Zentzu horretan, udalak joan den astean kaleratutako oharrean “udal teknikariaren eta zerbitzu hori urteetan eskaini duten profesionalen lana” zalantzan jarri izana “oso larria” dela adierazi dute.
Kontratua iraungita zegoen arren, prebentzio komunitarioko zerbitzuek ez diotela inoiz funtzionatzeari utzi esan dute, eta argitu dute gazteekin, familiekin eta ikastetxeekin lan egiten jarraitu izan dutela urte hauetan guztietan, “Udaleko Gazteria Sailarekin zuzenean koordinatuta”.
Azkenik, udal gobernu taldearen komunikatzeko modua salatu nahi izan dute. Jeltzaleen ustez gobernuak “kudeatzeko eta proiektu berriak sortzeko” ezintasuna du eta hori estaltzeko “etengabeko formula” udal kanalak erabiltzea bihurtu dutela esan dute. Haien ustez, 30 hilabeteetan ez dira “ezer aurrera ateratzeko gai izan zatiketa sustatu gabe”, eta, “oposizioari aurka egiteko” udaleko eta komunikazio instituzionaleko kanalak erabiltzeari utz diezaiotela eskatu dute jeltzaleek.

