Ander Iñarrak eta Joanna Elçaurhandietak irabazi dute Beñat Elzo mendi lasterketa
1600 baino pertsona gehiago bildu ditu mendi lasterketaren hamargarren edizioak. Helduen lasterketan, gainera, parte hartze errekorra egin dute.
Gaur goizean Beñat Elzo mendi lasterketaren hamargarren urteurren ekitaldia egin dute, eta urtez urte argi geratzen da, kirolak eta solidaritateak herria batzeko indarra dutela. Aurten helduen lasterketan parte hartze errekorra egin dute. Guztira 399 pertsonek gurutzatu dute irteera arkua. Mendi ibilbidea oinez egin dutenak 657 izan dira eta haurren lasterketan 591 lagunek parte hartu dute.
Goiza lehorretik hasi badute ere egunak aurrera egin ahala euria egin du gogotik. Baina horrek ez du Kirol Kaiko giroa zapuztu. Herritarrak ongi prestatuta etorri dira, zira, txapela eta aterkiekin.
Helduen lasterketari dagokionez oso zirraragarria izan dira bai gizonen zein emakumeen lehiak. Gizonen kasuan Ander Iñarrak irabazi du txapela, 39:29 minuturekin. Gustura sartu da helmugan, Beñat Ibañezekin azken unera arte izan duen borroka estuaren ondoren. Hirugarren Asier Landart helmugaratu da.
Emakumeen sailkapena, aldiz, horrela geratu da: Lehena Joanna Elçaurhandieta izan da, bigarren Miren Bastida helmugaratu da, eta azkenik Maike Cuenca. Kasu honetan ere Elçaurhandietaren eta Bastidaren artean ere lehia estua izan da.
Azkenik, goizeko azken ekitaldia haurren lasterketa izan da. Ibilbide berria estreinatu dute gaztetxoenek. Kontrako norantzan irten dira hondartzaruntz, eta aparkalekuari itzulinguru bat eman ondoren, Kirol Kaian helmugaratu dira. Ikus sailkapen osoa.
Emaitzak:
- Ander Iñarra (39:29)
- Beñat Ibañez (39:32)
- Asier Landart (40:38)
- Joanna Elçaurhandieta (49:29)
- Miren Bastida (50:50)
- Maike Cuenca (52:34)

