Emakume bat itota hiltzen saiatzeagatik, gizon bat espetxera
Igande goizean izan zen hilketa saiakera matxista. Bizilagunen laguntza jaso zuen emakumeak Ertzaintza iritsi aurretik.
Igande goizean, Irunen, emakume bat itota hiltzen saiatu zen gizon bat. Atxilotua izan zen 40 urteko gizona, eta atzo (asteartea) epailearen aurrean deklaratu ondoren, espetxean da erasotzaile matxista. Atxilotuari hilketa saiakera delitua egotzi diote.
Bikotekide ohia saiatu zen hiltzen gizona. Segurtasun Sailak adierazitakoaren arabera, Ertzaintzaren agenteak hilketa saiakera izan zen etxearen atarira iritsi zirenean, herritarrek atxikia zuten erasotzailea; berriz ere emakumea larri zauritua zen etxebizitzara joan nahi zuen. Bizilagunen laguntza jaso zuen emakumeak, hala ez balitz, litekeena da hilketa gauzatu izana. Hala ere, emakumea giltza sorta batekin defendatzen saiatu zela zehaztu du Segurtasun Sailak, eta auzokideen laguntza iritsi zenean erasoa geldiarazi zutela. Arta zerbitzuak iritsi, eta berehalakoan eraman zuten emakumea osasun zentro batera, zaurien balorazioa egin eta sendabidearekin hasteko.
Erasotzaileak emakumearekiko urruntze agindua zuen, hala jakinarazi du Segurtasun Sailak, “nahiz eta neurri judizial hori dagoeneko ez zegoen indarrean”.

