Osinbiribileko parkeko habitata eta espezieak ezagutzeko, txangoa
Azaroaren 8an (larunbata da) egingo dute txangoa 09:00etan abiatuta. Izena eman behar da aldez aurretik ekintzan parte hartzeko.
Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak jakinarazi duenez, bisita gidatua egingo dute azaroaren 8an (larunbata da) Osinbiribileko parkera Txingudiko parduraren ondoan dagoen gunea ezagutzeko.
Bisita horretan lekuaren bilakaeraren errepaso historiko bat egingo dute, eta bertan aurki daitezkeen habitat eta espezie nagusiak deskribatuko dituzte gero. Gainera, zehaztu dute “arreta berezia” jarriko dutela hegaztietan, eta horrexegatik eskatu dute bisitari bakoitzak prismatikoa eraman ditzan.
Goizeko bederatzietan Osinbiribileko bidegorriaren hasieran elkartuko dira, iparraldeko saihesbideko zubiaren azpian, hain zuzen.
Txango horretan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, eta horretarako 010 telefono zenbakia edota Irungo Udalaren webgunea baliatu behar dira hilaren 27a (astelehena) baino lehen.
Eguraldi txarragatik irteera bertan behera utziko balute, aurrez jakinaraziko dutela esan dute antolatzaileek.

