Hitzekin jolasean aritzeko eguna ate joka ari da
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa jokatuko dute azaroaren 22an, eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea. Zenbait berrikuntza ditu edizio honek.
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IX. edizioko irudi bat. Imanol Saiz Gomez de Segura Pozik egoteko moduan dira hitz gurutzatuen zaleak; ez soilik Hitza-ren astekariaren datozen orrietan horiek egiteko aukera izango dutelako, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen X. Txapelketa jokatuko delako Irunen hemendik hilabete eskasera baizik. Bada, Aitzondo Euskara Taldea da poztasun horren arduradun.
Azaroaren 22an (larunbata da) jokatuko dute norgehiagoka, eta ohiko formatuari eutsiko badiote ere, aurtengoan badira zenbait bereizgarri. Goizez izango da hitzordua, eta aurreko edizioetan egindako probei egin beharko diete aurre parte hartzaileek. Joxan Elosegi hitz gurutzatu sortzaile hiritarrak prestatuko ditu horiek.
Berritasun nagusietako bat da oraintsu arte hiruzpalau pertsonek osatzen zutela finala, eta, aurtengoa, berriz, seik. Historikoki lau finalista izan direla kontatu du Beñat Muguruza Aitzondoko kideak, baina azaldu du hiru edo lau finalista jarriz gero “herri xeheak” ez duela aukerarik “ezer egiteko”. Bide beretik jarraitu du antolakuntzakoak: “Parte hartzaileen artean badago dozena bat oso onak direnak hitz gurutzatuak egiten, eta iruditzen zaigu sei pertsonako finala jarrita aukera gehiago egon daitekeela sorpresaren bat eramateko”. Horiek ziren antolakuntzaren asmoak, eta Irungo Udalak “asko” lagundu dituenez, aurtengo finala handitzeko aukera izan dute. “Finalak beste formatu bat dauka; publikoa da eta denek ikusten dute nola ari diren finalistak lanean. Polita da”, gehitu du.
Bigarren berritasuna babesleena da; aurten “luxuzko” bi babesle izango dituzte: Eusko Label eta Alberdania argitaletxea. Lehenak produktu sorta bana emango die parte hartzaile guztiei, eta bigarrenak, berriz, finalista bakoitzari 30 euroko bonuak emango dizkie euren katalogoko liburuetan gasta ditzaten.
Egunean Behin-ekin elkarlana
Ekitaldi honetako berritasunen artean aipagarriena izan liteke Egunean Behin aplikazioarekin lankidetzan aritu direla. Muguruzak kontatu du ez dutela ia sare sozialik erabiltzen, eta egokia iruditu zitzaien Egunean Behin lehiaketa entzutetsuan “muturra sartzea”, jakitun baitira euren parte hartzaile potentzialak bertan daudela. Hortaz, Elosegik eta antolakuntzakoek zenbait proba prestatu dituzte aplikaziorako (batzuk martxan daude dagoeneko), eta trukean hitz gurutzatuetakoak aplikazioaren babesle izango dira astebetez.
Berritasun horiek “oso inportanteak” direla uste du Muguruzak, beste gauza batzuen artean, txapelketaren aurreko edizio batzuetako babesletza bat berreskuratu dutelako.
Larunbat horretako lehen orduan elkartuko dira parte hartzaileak Palmera Montero gunean, eta denak batu eta lekuak hartzen dituztenean hasiko da lehiaketa. Parte hartzaile bakoitza bere mahaian egongo da, eta ezin izango dute bata bestearekin hitz egin, baina, hiztegi liburua erabiltzeko aukera izango dute. Haatik, ez dituzte hiztegi elektronikoak, telefonoak zein ordenagailuak onartuko.
Hiru zatitan banatuko da lehiaketa: lehenbizi hasierako proba izango da, finalaurrekoa gero, eta finala azkenik. Lehen proban 10×10 lauki dituen hitz gurutzatu taula bat osatu beharko dute 45 minutuko tarte batean, eta finalaurrekoa jokatuko dute denek gero. Lehiaketaren bigarren fasean kanporatuko da jendea, eta horretarako 12×12 lauki dituen taula bat osatu beharko dute beste 45 minutuan. Atal horretan sailkatzen diren lehen seiek jokatuko dute finala. 15×15 laukiko taula izango da erronka. Behin egitekoak amaituta, zuzentasuna eta azkartasuna izango dira lehiakide bakoitzak eginiko lana neurtzeko erabiliko dituzten irizpideak, baina taula lehenbizi bukatzen duenak ez du zertan irabazlea izan, erantzunen zuzentasuna izango baita probaren amaieran kontutan hartuko duten lehen irizpidea, eta lastertasuna ondoren. Txapelketan izena emateko helbide hau erabili behar da, eta zalantzak argitzeko, berriz, 685 78 34 70 zenbakia. Bazkaria ere egingo dute, eta izena ematekoan zehaztu behar da asistentzia. 20 euro balio du bazkariak.
Xehetasunak
Azaroaren 22ko egitaraua
- 09:00. Lehiakideen bilkura eta agurra Palmera Montero gunean.
- 09:30. Txapelketa. Hasierako proba.
- 10:30. Txapelketa. Finalaurrekoa.
- 12:00. Txapelketa. Finala.
- 13:30. Txapelaren janztea eta sari banaketa.
- 14:00. Bazkaria.
Sariak
- 1. postua. Txapela, 400 euro eta Alberdaniako bonua.
- 2. postua. 300 euro eta Alberdaniako bonua.
- 3. postua. 200 euro eta Alberdaniako bonua.
- 4. postua. 150 euro eta Alberdaniako bonua.
- 5. postua. 100 euro eta Alberdaniako bonua.
- 6. postua. 50 euro eta Alberdaniako bonua.

