Larreaundiko auzo elkarteak bat egin du 'Zubia Kirola' programarekin
Goyeneche Fundazioa eta Larreaundiko auzo elkartea batu dira proiektura, eta zenbait pertsona gonbidatu dituzte parte hartzera.
Zubia Kirola proiektua iazko abenduan abiatu zuten, eta Bidasoa Atletiko Taldeak eta Irungo udalak “beste urrats bat” eman dute. Kirol proiektuan egin diren aurrerapenak aurkezteko agerraldia egin dute Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak, Ibon Muñoz BATeko ordezkariak, Peio Epelde Larreaundiko auzo elkarteko kideak, Iñaki Zamorano Laboral Kutxako ordezkariak, Irune Polo eta David Martinez Emauseko ordezkariak eta Amaia Docampo Goyeneche fundazioko ordezkariak. Salim Kharroubi eta Abdelkader Mallo programako partaideak ere izan dira bertan.
Proiektu horrekin astean bi entrenamendu egiten dituzte Susana Ruiz BATeko entrenatzailearekin; bata goizez eta beste arratsaldez. Zubia Gizarteratze Zentroko erabiltzaileentzat dira saio horiek, zehazki, “jarduera fisiko askotarikoa eta korrika” egin nahi dutenentzat.
Berriki, Larreaundiko auzo elkarteak eta Goyeneche fundazioak bat egin dute proiektuarekin, eta gizarteratzearen eta proiektuaren ikusgarritasunaren alde lan egin nahi duten pertsonak gonbidatu nahi dituzte parte hartzera. Era berean, entrenamenduetan parte hartzeaz gain, proiektuak kirol ekitaldietan parte hartzea aurreikusten du BATek lagunduta.
Agerraldian kontatu dutenez, Zubia Kirola proiektua garatzen 2023ko urrian hasi ziren, Chakib Lachgarrek [Behobia-Donostia lasterketa hirutan irabazi du] emandako hitzaldi baten ondoren.

