IAM pabiloia eraikitzeko oinarrizko proiektuaren idazketa, esleituta
Proiektua KREAN, S.COOP enpresari esleitu zaio 261.360 euroko prezioan, eta azterlan bat egingo dute lehenbizi proiektua definitzeko oinarriak izan ditzaten.
Irungo Udalak jakinarazi duenez, esleitu dute Ficoba ondoan erabilera anitzeko IAM pabiloia eraikitzeko oinarrizko proiektuaren idazketa. “Funtsezko urratsa” dela diote, hiriak etorkizunean “proiektu estrategiko hori lortzeko bidean, azpiegitura berri horren diseinua eta ezaugarriak definituko baititu”.
Esleipena Tokiko Gobernu Batzarrean onartu ondotik, Cristina Laborda Irungo alkateak eman zuen horren berri agerraldi batean: “IAM pabiloia bezalako garrantzi handiko proiektu estrategikoak zimenduetatik hasten dira eraikitzen, ez teilatutik. Azpiegitura horren aldeko gure apustua erabatekoa da, eta urrats sendoak eman nahi ditugu pabiloi hau ahalik eta lasterren errealitate izan dadin hiriarentzat. Urrats berri honi esker, etorkizuneko IAM pabiloiaren diseinua eta haren ezaugarriak definituko ditugu, eta horrek sendotu egingo du hori lortzeko dugun jarrera”.
Jakinarazi dutenez instalazio horretan, gutxi gora behera, 5.000 pertsona eserita eta 10.000 pertsona kabituko dira zutik. Era berean, azaldu dute bizilagunak hiriko zenbait puntutatik instalazio horretara joateko mugikortasuna eta sarbideak aztertuko dituztela, eta “jende pilaketa handiak daudenean instalazioaren sarbide eroso eta segurua bermatzeko urbanizazio proiektuan txertatu beharreko jarduketak” proiektatuko dituztela. Hori horrela, azpiegitura hori erabilera anitzeko pabiloia izango da, eta beste gauza batzuen artean, kirol lehiaketak, kontzertuak, ikuskizunak, kongresuak edota azokak egingo dituzte.
Horretaz gain, azaldu dute pabiloiak eraikin baten funtzionamendurako espazio orokorrak izango dituela, hala nola, komunak, aldagelak, areto balio-aniztunak, biltegiak, bulegoak, prentsa aretoak edota kirol zein kultura ekitaldietarako espazioak.
Proiektua KREAN, S.COOP enpresari esleitu zaio 261.360 euroko prezioan (BEZ barne), eta eman beharreko lehen pausua alternatiben azterlan bat dela diote. Hortaz, aparkalekuaren diseinuaren, instalazioaren aukeren edota harmailen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertuko dituzte udalak proiektua definitzeko oinarriak izan ditzan.

