Nazioarteko Brass Band jaialdia egingo dute Irunen
Hilaren 24tik 26ra egingo dute jaialdia Irungo auzoetan barna. BidaShop eta Denok Bat elkarteek antolatu dute udalarekin elkarlanean.
Hamarkada batean geldirik egon ondotik, Irun International Brass Band Festival jaialdia antolatu dute BidaShop eta Denok Bat elkarteek Irungo Udalaren laguntzarekin, eta gaur aurkeztu dute Zabaltza plazan egindako prentsaurreko batean. Bertan izan dira Gonzalo Busto, Eneko Mitxelena, Nuria Alzaga eta Iñaki Galarza.
Agian izango da brass band bat zer den ez dakienik; bada, jaialdiaren antolatzaileek azaldu dute ez dela txaranga bat bere horretan, baina hori imajina daitekeela zer den ulertzeko. Alegia, “txaranga handiago bat da, eta show gehiago dauka. Txaranga moderno bat da”, azaldu dute.
Hilaren 24tik 26ra egingo dute jaialdia, eta helburua hirian zehar brass band taldeak mugitzea da. Eneko Mitxelenak eman ditu egitarauaren xehetasunak, eta azaldu du duela hamar urte egin zutela egun hori, eta denek “asko disfrutatu zutela”. Alabaina, ahanzturan geratu zen, eta duela urte batzuk hasi ziren berriz jaialdia berreskuratu behar zela pentsatzen.
Aurtengoan, beraz, nazioarteko jaialdi modura planteatu dute asteburua, Espainiar estatuko zein Portugalgo taldeak bertaratuko baitira hirira, honakoak, hurrenez hurren: Ni para ti ni para mi (Valencia), Melomania (Valencia), Babosa (Portugal), La Asamblea de Majaras (Toledo) eta El Puntillo Canalla (Segovi). Helburua argia da: hiriko zenbait gune dinamizatzea, bisitariak erakartzea eta musikaren bidez komunitate sentimendua indartzea.
Mitxelenak azaldu duenez, ostiralean (hiak 24) emango diote hasiera egitarauari, Cafe Irunen egingo baitute datozen egunetan parte hartuko duten taldeen aurkezpena. Larunbatean, haatik, egun osoan zehar ariko dira taldeak hiriko zenbait txoko alaitzen. Igandean, azkenik, final batekin itxiko dute jaialdia. “Lan gogorra da, eta ostalaritzak herriari egiten dion opari modura ikustea nahi dugu egitasmoa”, gehitu du.
Nuria Alzaga, Hiri Bultzadako eta Ekonomia Sustapeneko ordezkaria: “Jaialdi hau da elkarrekin lana egiten dugunean denok irabazten dugunaren adierazle. Asteburu hori, beste asko bezala, jendeak erantzuten duenaren seinale da; ondorioz, ostalaritzak irabazten du, komertzioek irabazten dute, eta, lehen esan moduan, denok irabazten dugu”.
Egitaraua
- Hilak 24, ostirala.
- 21:30. Cafe Irun. Parte hartuko duten taldeen aurkezpena eta bi abestiren interpretazioa.
- Ondoren, jam saio irekia.
- Hilak 25, larunbata.
- 12:00-14:30. Goizeko ibilbidea. Erdigunean eta San Migelen emango diote bideari hasiera, eta Behobia, Anzaran, Pio XII, Santiago, Dunboa eta Juan Wollmer guneetatik igaroko dira, besteak beste.
- 19:00-21:30. Arratsaldeko ibilbidea.
- Hilak 26, igandea.
- 12:00. Banda bakoitzaren amaierako saioa epaimahaiaren aurrean eta jaialdiaren itxiera.

