Aste honetan kontratatuko dute lehen mailako arretarako espazio berriaren obra proiektua
Osakidetzak eman du horren berri, eta jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gune hori egokitzeko milioi bat euro inguruko inbertsioa egingo duela.
Osakidetzak jakinarazi duenez, aste honetan esleituko du Irungo Lehen Mailako Arreta espazio berriaren proiektua idazteko eta obra zuzentzeko espedientea. “Hori funtsezko urratsa da Bidasoa ESIren 2025-2035 Plan Zuzentzailearen barruan, eskualde osoko osasun arreta eraldatu eta hobetu nahi baitu, lehen mailako arreta zein ospitalekoa”, diote. Azaldu dutenez, Osakidetzak gune hori egokitzeko egingo duen inbertsioa milioi bat euro ingurukoa izango da, eta obrak datorren urtean hasiko dira, eta 7 hilabetean amaitzea aurreikusten dute.
Bestalde, zentro berri honako guneak izango dituela jakinarazi dute:
- Administrazio eremua onarpen eremuarekin.
- Asistentzia eremua sei kontsulta mediko eta erizaintzako seirekin, larrialdietako/proba funtzionaletarako gela, itxarongela eta edoskitze espazioa.
- Langileen eremua aldagelekin, egongelekin, biltegiarekin eta garbiketa gelarekin.
Horretaz gain, Osakidetzak azaldu du datozen bi urteetan bi osasun azpiegitura berri eraikitzea aurreikusi duela. Alabaina, proiektu horiek martxan jartzeko zain, “lehentasunezkotzat” jotzen dute pediatriako eremua lokal horretara eramatea, “gaur egun espaziok mugatuak baitira eta pediatriako asistentzia guneen baldintzak hobetu behar baitira”.
Osakidetzak, bestalde, formalki eskatu du Alardea eremua aldi baterako lagatzeko prozedura has dadin, “funtsezko baita pediatriaren arloa behin behinean lekualdatzeko”. Behin udalak lokalaren aldi baterako lagapena izapidetzen hasteko erabakia onartzen duenean, horren berri emango dio Eusko Jaurlaritzako Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzari lagapen espediente ofizialari hasiera eman diezaion.
Bidasoa ESIren 2025-2035 Plan Zuzentzaileak Lehen Mailako Arreta unitateak berritzea eta handitzea nabarmentzen du. Osasun Sailak 23 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo du Irungo Lehen Mailako Arretarako, bi zentro berriak barne.

