Urgarako emakume seniorrek garaipenarekin hasi dute denboraldia
Eibarko Urbat IKE taldearen aurka lehiatu ziren ostiralean Azken Portu kiroldegian, eta 13-11 irabazi zuten norgehiagoka.
Urgara Txingudi taldeko emakume seniorrek ostiralean eman zioten denboraldiari hasiera, eta hitzordu berezia izan zen taldearentzat, garaipena eskuratzeaz gain Azken Portuko harmailak zale eta senideez bete baitziren. Izan ere, bi urteren ondoren taldea osatu dute berriz, eta “ilusioz beteta” bertaratu ziren dozenaka herritar taldea animatzera.
Partidako lehen bi zatietan markagailua estu joan zen, 6-7, 7-7 eta 9-8 joan baitziren. Hirugarren zatian, ordea, Paula, Eukene eta Iraiak hiru gol sartu zituzten jarraian, eta Aize Velado atezainaren geldiketaren ondoren 11-8ko distantzia hartu zuten etxekoak.
Alabaina, aurkariek distantzia hori murriztu zuten “laster batean”. Laugarren denboran “lehia falta” sumatu zuten bi taldeetako kideek, baina jakitun dira lehen partida zelako gertatu zela hori. Urgarakoek aurkarien saiakerak eten, eta partida 13-11 amaitu zen etxekoen garaipenarekin.
Emakume seniorren hurrengo partida hilaren 18an (larunbata) izango da, Azken Portun, 15:00etan. Logroñoren aurka lehiatuko dira.


