Ikuskizun dokumentala eta liburu aurkezpena, Kabigorrin
Hilaren 18 eta 21ean egingo dituzte jarduerak; emakume pailazoak eta Kanariak Uharteetako turismoa izango dira hitzorduetako ardatzak.
Datozen egunetan zenbait ekitaldi egingo dituzte Kabigorrin; hala nola, ikuskizun dokumental bat eta liburu aurkezpen zein hitzaldi bat.
Lehen hitzordua hilaren 18an (larunbata) izango da, eta egun horretan Filipa Balbina, emakumeak clown historian ikuskizun dokumentala egingo du Bea Larrañagak. Proiektu hori, hain zuzen, historiako emakume pailazoei “argia emateko” nahitik sortutako zerbait da, eta, hortaz, hitzordu horretan zenbait emakumezko pailazoren inguruan hitz egingo da.
Ikuskizun hori zuzenean irudikatutako clown eszenez eta proiektatutako beste zati dokumental batzuez osatutako ikuskizuna da, eta Larrañagak hiru clown arketipo irudikatuko ditu: aurpegi zuria, augusta eta kontra augusta. Azaldu dutenez, zirkuan asko erabiltzen diren arketipoak dira, eta jendeak, normalean, gizonezkoen erreferentziak izaten ditu.
Proiekzio dokumental horretan idatzizko materiala, argazkiak eta bideoak proiektatuko dituzte. Bilduma historiko hori Bea Larrañagak egin du Mertxe Otxoaren laguntzarekin.
Azkenik, zehaztu dute ikuskizunean zehar irudien, zuzeneko ikuskizunaren eta publikoaren arteko elkarrizketa egongo dela, eta horrek hitzordua “dinamikoa, entretenigarria eta informatiboa” bihurtuko duela. 19:30ean izango da saioa. Informazio gehiagorako, egin klik hemen.
Bigarren hitzordua, berriz, hilaren 21ean izango da, 19:00etan, eta Nos invaden! El turismo es colonialismo liburu aurkezpena eta hitzaldia izango dira Kabigorrin. Aipatutako liburua Asamblea Canaria por el Reparto de la Riquezak egin duen eguneroko borrokaren ibilbide bat izateaz gain, azken bost urteetan turismoak Kanarietako biztanleriari zein lurraldeari berari eragindako ondorioak biltzen ditu. Informazio gehiagorako, egin klik hemen.

