2026ko Aurrekontu Parte hartzaileen proposamen irabazleak, argitara
Udal aurrekontuetatik 1.500.000 euro gorde dituzte herritarren proposamenetarako, eta bozka gehien jaso dituztenak jakinarazi dituzte.
Dagoeneko amaitu da 2026ko Aurrekontu Parte hartzaileen proposamenetan bozka emateko epea; hortaz, proposamen irabazleak zein izan diren jakinarazi du Irungo Udalak. Horien artean nabarmentzen dira hiriko segurtasunaren, mantentze lanen eta ekitaldien arloko proposamenak. Emaitza horiek Irungo Udaleko Gobernu Irekiaren eta Herritarren Arretaren arloak argitaratu ditu; hilaren 3tik 7ra izan dute Irungo bizilagunek bozka emateko aukera, eta orotara 2.405 pertsonek bozkatu dute.
Arduradunek jakinarazi dutenez, zaintza kamerak jartzea, larrialdi zerbitzuetarako materiala erostea eta Udaltzaingoak herritarren segurtasuna kontrolatzeko bitartekoak eta tresnak hobetzea izan dira herritarrek gehien bozkatu dituzten proposamenak. Horien atzetik daude zerrendan hirian zuhaitzak zaindu, ordezkatu eta landatzea edota auzoetan kultur jarduera gehiago antolatzea. Behin emaitza guztiak jasota, aipatu dute aurtengo edizioan inoiz baino proposamen askotarikoagoak jaso dituztela, eta “horrek esan nahi duela hiria hobetzeko herritarren inplikazioa handia” dela.
Alabaina, aurtengo parte hartzea iazkoa baino txikiagoa izan da. Aurten 9.977 bozka bildu dituzte; iaz, haatik, 10.830. Hots, Irungo Udalak gaineratu du irailaren 10eko aurrez aurreko saioari erreparatu behar zaiola, aurtengo parte hartzea iazkoa baino %40 handiagoa izan baita. Era berean, nabarmendu dute aurre bozketa prozesuan parte hartzea %98 igo zela eta %92,5 boto gehiago bildu dituztela.
Jon Ugarte, ordezkaria: “Azken bozketa prozesuan parte hartu duten pertsonen kopuruak oso ona izaten jarraitzen du, nahiz eta iaz baino zertxobait txikiagoa izan. Horrek adierazten digu herritarrek interes handiz jarraitzen dutela hirian hobekuntzak egiteko aukera handi hori, betiere beren eskaerei eta proposamenei erantzunez”.
Udal aurrekontuetatik 1.500.000 euro gorde dituzte herritarren proposamenetarako; horietatik 1.330.000 euro prozesu orokorretik ateratako proiektuetarako izango dira, eta beste 200.000 euro hiriko gazteen proposamenetarako.
Hona hemen prozesu orokorretik ateratako proposamenak:

Honakoak, berriz, gazteen proposamenak dira:


