Euskarazko kultur kontsumoa indartzeko, 'Zinema haur eta gazteentzat'
Haur eta gazteen artean euskarazko kultur kontsumoa indartzea denez egitasmoaren helburua, euskara hutseko hamar film emango dituzte.
Euskarazko kultur kontsumoa indartzea helburu duen Zinema haur eta gazteentzat egitasmoa aurkeztu zuten atzo Ocine Mendibilen. Josu Iguiñiz Euskara Zerbitzuko ordezkariak izan zuen hitza agerraldian, eta azaldu zuen hilaren 18tik azaroaren 23ra bitartean iraungo duen egitaraua ondu dutela horretarako. Bide horretan, argi utzi nahi izan zuen helburua “haur eta gazteen artean euskarazko kultur kontsumoa indartzea” dela. Hortaz, datozen hilabeteetan hamar film proiektatuko dituzte Ocine Mendibilen.
Iguiñiz: “Zinema euskaraz ikusi ahal izatea normala izan beharko litzateke, baina zoritxarrez ez da horrela. Euskarari aukera ematea proposatzen dugu ohitura berriak hartu eta haur zein gazteak zinema euskaraz ikustera animatzeko”.
Hamar film horiek euskara hutsean izango dira, eta larunbat eta igandeetan emango dituzte beti, 16:00etan, Ocine Mendibil zine aretoan. Zenbait generotako filmak izango direla aurreratu du ordezkariak, baina gehienak haurrei zuzendutakoak izango direla, “publiko orokorrari” zuzendutako jarduera baita.
Hona hemen xehetasunak:
Hilak 18: Superklaus.
Hilak 19: Turuleka oiloa.
Hilak 25: Azerik eta Erbik basoa salbatzen dute.
Hilak 26: Kaixo, Frida!
Azaroak 8: Yuku eta Himalaiako lorea.
Azaroak 9: Klara eta hazi magikoaren misterioa.
Azaroak 15: Basatiak.
Azaroak 16: Super Elkfinak.
Azaroak 22: Patrick.
Azaroak 23: Heidi. Katamotzaren erreskatea.
Sarrera guztiak doan izango dira, baina helduek haurrekin joan nahi badute gonbidapenak eskuratu beharko dituzte aurrez Irungo Udalaren webgunean. Film bakoitzerako sarrerak eskuragarri egongo dira proiekzioaren asteko asteleheneko 14:00etatik ostiraleko 14:00ak arte. Alabaina, sarrerak geratzen badira, Ocine Mendibileko txarteldegian eskuratzeko aukera izango da filma hasi baino ordu erdi lehenago.

