Fenomena kultur elkarteak urteurren jaialdia aurkeztu du
Larunbat honetan arratsaldeko 17:00etan emango diote hasiera hamargarren urteurrena ospatzeko jaialdiari. Ebbot Lundberg, Black Rainbows edota Pinpilinpussies taldeak entzun ahal izango dira, besteak beste.
Fenomena jaialdiak 10 urte beteko ditu aurten. Urtez urte baliabideak sendotzen eta jaialdia, bere horretan, egonkortzen eta handitzen joan da, baina hasieratik beste jaialdiengatik ezberdindu duen “esentzia hori” mantenduz.
Esentzia hori, gainera, Fenomena Kultur Elkarteko kideek ematen diotela nabarmendu du, Ortzi Alonso kultur zinegotziak. Hortaz gain, jaialdiko zutabe nagusienetako bat jendearen babesa ere badela gogorarazi du. Eta zentzu horretan, boluntarioen eta enpresa txikien laguntza izateaz gain, erakundeen laguntza ere baduen jaialdia dela.
“Hasieratik eta gaur egun arte jaialdiarengatik apustua egin du udalak. Eta hamargarren urteurren honetan ekarpen berezi bat egin dugu”. Diru laguntza horri eta elkarteak berak lortu duen bigarren diru laguntza bati esker, 3 atzerritar talde ekartzea lortu dute. Hala adierazi du Ernesto Villar elkartekideak.
Jaialdia larunbatean arratsaldeko 17:00etan hasiko da, “eta fuerte gainera”, jarraitu du Villarrek. Euskal Herriko zein estatuko profesionalak diren hainbat musikari elkartu eta boluntarioki Elliot Smith estatubatuarrari omenaldi berezi bat egingo diote.
“Ordu asko sartu dituzte. Kantak ikasi, bereganatu… Lan handia hartu dute”. Gaur elkartu dira aurrenekoz, eta arratsaldetik aurrera Psilocyben arituko dira entseatzen. Villar ziur da sekulako ikuskizuna eskainiko dutela oholtza gainean.
Ondoren, 18:30ean, Hondarribian jada ezagunak diren Pinpilinpussies taldeak hartuko du lekukoa, eta 19:30etatik aurrera nazioarteko taldeen txanda izango da. Ebbot Lundberg suediarrak proposamen “finkatua eta aberatsa” du.
The Guru Guru taldea, berriz, Belgikatik etorriko da “espresuki” Hondarribian kontzertu bat ematera. “Fenomenaren apustua da. Ez du jende askok ezagutzen, baina uste dut sorpresa izango dela”.
Azkenik, Black Rainbows taldeak emango dio jaialdiari amaiera. Erromatik datorren taldea da eta stoner rock musika egiten dute. “Orain arte ez dugu halako estilorik ekarri, baina maite dugu ere”.
Basoak 2 euroan salduko dira eta ekarpen horretatik jasotzen duten diru guztia Etxara elkarteari bideratuko diote. Aldi berean, Etxara elkarteko kideak txosnetan izango dira laguntza eskaintzen. Villarrek aipatu duenez, edatekoa erosteko modua aldatu egingo da aurten. Iaz diruarekin erosi zitekeen, aurten 1 eta 3 euroko txartelak erosi beharko dira lehenik, eta ondoren, horiek txosnan trukatu egin beharko dira.
Bukatzen joateko, Fenomena elkarteko kideak udalari, teknikariei, boluntarioei, enpresa txikiei, eta Psilocyberi eskerrak eskerrak emateaz gain, Kai Team-eri ere eskerrak eman dizkie. “Laguntza potentea ematen digute eta gainera gogotsu egiten dute. Horrek asko laguntzen digu”.
Azkenik, herritarrei jaialdira animatzeko eskatu die eta aldarrikapen batekin itxi du prentsaurrekoa: “Ea jendea animatzen den, eta esan hau ez dela entretenimendua, hau, musika, kultura dela”.

