Marlaxkako adineko emakumeen taldea martxan da berriz
Astero-astero gutxienez, 14 bat lagun elkartzen dira Kasino Zaharreko instalakuntzetan. Saioak astelehenetan izaten dira, 18:00etatik 20:00etara.
Astelehen honetan eman diote hasiera Marlaxka Xake elkarteko adineko emakumeek 2025-2026 ikasturteari. Iaz bezala, datozen hilabeteetan “ondo pasatzea, xakea ikastea eta burua aktibo mantentzea” izango dute helburu.
Elkarteak adierazi duenez, oroimena eta kontzentrazioa estimulatzen, gizarteratzea eta talde lana sustatzen, antolaketa eta arazoen ebazpenerako gaitasuna hobetzen, ongizate emozionala bultzatzen eta jarduera kognitiboa eta buruko bizitasuna mantentzen laguntzen du xakeak.
Eta horrez gain, saio bakoitzak “une onak partekatzeko eta taula hobetzen jarraitzeko” aukera ematen duela jakinarazi dute.
2019an hasi zuten adineko emakume taldea sortzeko proiektua. Orduko hartan lau xakelari elkartzea lortu zuten, eta egun 20 laguneko taldea osatzea lortu dute. Astero-astero gutxienez, 14 bat lagun elkartzen dira Kasino Zaharreko instalakuntzetan. Saioak astelehenetan izaten dira, 18:00etatik 20:00etara.

