Hondarribiko alardeaz hausnartzeko esku-orri bat banatu du Abotsanitzek
Esku-orri abiapuntu hartuta, alardearen inguruko hausnarketa egitera gonbidatu dituzte herritarrak. "Hondarribiar bakoitzak egiteko eta esateko asko daukala sinistuta".
Abotsanitz herri plataformak herrian zehar dokumentu bat buzoneatu du. Adierazi dutenez “hausnarketarako dokumentua” da hondarribiarren eskuetara iritsi dena, eta herritarrek alardeak izan duen bilakaera eta gaur egun zein den egoera aztertzea du xede.
“Hondarribiar bakoitzak egiteko eta esateko asko daukala sinistuta gaude eta Abotsanitzetik horretarako, gure ibilbidea jarraituz, espazio eta aukerak sortzeko ahalegin guztiak egiten ari gara”, esan dute.
Aurreratu dutenez, dokumentuan alardea hondarribiarren bizitzaren “erdigunean” kokatzen dela diote eta “herriko ondare nagusienetakoa izanik, nortasun, kidetasun eta kohesiorako funtsezko zutabe” dela. Zentzu horretan, argi dute alardea ezin dela gatazkarako heldulekua izan eta hondarribiarren gehiengoak, gainera, “beste agertoki bat nahi eta behar duela” diote.
Aurrera jarraitu ahal izateko herritarren arteko laguntza beharrezkoa dela uste dute ere, era horretan “urteetako mina arindu eta modu eraikitzaile batean pentsatu eta sentitzeko”.
Azkenik, adierazi dute “denon artean” lortuko dela Hondarribiko Alardea herrikoia izatea.

