Egitasmo berriak bultzatzeko 20 diru laguntza deialdi zabaldu ditu Bidasoa Bizirikek
Laguntza horiek integralak izango dira: ideia sortzen denetik negozio plan sendo bat baliozkotzen den arte laguntza izango du onuradunak.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Biziriken bitartez, enpresa egitasmo berriak bultzatzeko hogei diru laguntza deialdi zabaldu berri ditu. Horiek, gainera, Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekintzaileei laguntzeko programaren esparruan kokatzen dira (Lanbide).
Diru laguntza bakoitza 2.000 eurokoa izango da eta jakinarazi dutenez eskatzaileak 18 eta 30 urte bitarte baditu edo emakumea bada, azken kopuruak %15eko igoera gehigarri bat izan dezake. Eskaerak egiteko beharrezkoa izango da langabezian egotea.
Lau hilabeteko laguntza integrala
Laguntza horiek, gainera, integralak izango dira. Hau da, ideia sortzen denetik negozio plan sendo bat baliozkotzen den arte laguntza izango du onuradunak. Prozesu guztia burutzeko epea lau hilabetekoa da.
Prozesuan zehar sormena lantzeko eta aukerak aztertzeko tailerrak, ideiak merkatuan baliozkotzeko tailerrak, ekonomia zirkularrerako sarrera ezagutzeko tailerrak, finantza aholkularitza, marketineko eta komunikazio digitaleko orientazioa, eta lege, zerga eta lan izapideei buruzko prestakuntza eskainiko dituzte.
Aldi berean, onuradunek tutoretza saio pertsonalizatuak eta esperientziak trukatzeko talde saioak izango dituzte, eta ikasitakoa kasu errealen eta simulazioen bidez praktikan jartzea ahalbidetuko dute.
Informazio gehiago 943 50 96 00 telefonoan edo ekintzailetza@bidasoa-activa.com helbidera mezu elektroniko bat idatziz eskura daiteke.

