Najat Kaanache Euskal Herriko XX. Pintxo txapelketako epaimahaikide izango da
Maila handiko epaimahaia izango da aurtengoa. Bizkaiako, gipuzkoako, arabako eta nafarroako 25 sukaldarik osatuko dute.
Fez-en (Marokoko) dagoen Nur jatetxeko jabea da Orion jaiotako Najat Kaanache sukaldaria. Munduko jatetxerik onenen artean nabarmendu eta nazioarteko aintzatespena jaso du jatetxeak.
Mundu osoan lan egin izanagatik “sukaldari ibiltaria” ezizenez ezaguna da Najat Kaanache, eta izen horri fidel izanez, datorren astean Euskal Herrian izango da berriz, hilaren 13tik 15era Hondarribian egingo den Euskal Herriko XX. Pintxo txapelketako epaimahaikide izango baita.
Kaanacheren sukaldaritza “sinplea” eta “sakontasun handikoa” dela azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, Kaanachen esanetan, sukaldaritza klasista egitea ez da “inolaz ere onargarria”. Amaren eta amonaren eskutik ikasi eta barneratu zuen sukaldaritza, eta haiei esker sukaldaritza emakumeek gastronomian duten paperari balioa emateko modua ere badela ikasi zuen oriotarrak.
Maila handiko epaimahaia izango da aurtengoa. Bizkaiako, gipuzkoako, arabako eta nafarroako 25 sukaldarik osatuko dute. Sailkapen fasean serie bakoitzeko bost kide arituko dira, eta finalerdi zein finalean ere bost epaimahaikidek izango dute azken hitza.
Najat Kaanacheri hurrengo epaimahaikideak gehituko zaizkio: Julen Perez (Ermuako Kiska jatetxekoa), Gabriel Huaman (Bilboko Waman jatetxekoa), Obrayan Garcia eta Ana Lore Lasa (Donostiako Erre jatetxekoak), Pablo Miranda (Oiartzungo Biok jatetxekoa), Andoni Arranz (Astigarragako Mendizabal jatetxekoa), Diego Sorrarain (Baliarraingo Zartagi jatetxekoa), Gorka Cepeda (Oiartzungo Usategieta jatetxekoa), Mika Pop (Hondarribiko Mika jatetxekoa), Ixak Salaberria (Hernaniko Fagollaga jatetxekoa), Laura Maestre (Cebanc eskolako irakaslea), Bruno Coelho (Samaniego gazteluko sukaldaria), Belen Sandrin eta Jokin Loma (Añanako gazteluko sukaldariak), Mikel Odriozola (Ultzamako Orgi jatetxekoa), Andoitz Delgado (Oliteko Erri Berri jatetxekoa), Govinda Perez (Villamayor de Monjardíneko Deyo begiralekuko sukaldaria), Aaron Ortiz (Pamplonako Kabo jatetxekoa), Airor Esnal eta Juan Carlos Ferrando (Logroñoko Vendran jatetxekoa), Rafa Bautista (Barbastroko La Oveja Negra jatetxekoa), Juan Jose Carmona (Benalmadenako Aviva jatetxekoa), Sara Peral (Madrilgo Osa jatetxekoa eta Xabi Ibarbure (Bidarteko Les Frères Ibarbure jatetxekoa).
Txapelketa Itsas Etxean egingo da eta zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko dute campeonatodepintxos.com webgunean. Programa honakoa da:
Astelehena 13
- 10:00etatik 13:00etara lehen sailkapen fasea.
- 16:00etatik 19:00etara bigarren salkapen fasea.
Asteartea 14
- 10:00etik 13:00etara hirugarren sailkapen fasea.
- 16:00etatik 19:00etara finalerdiak.
Asteazkena 15
- 09:30etatik 12:00etara finalak.
- 12:00etan sari banaketa.

