Ermita kaleko bizilagunek trafiko eta segurtasun arazoak salatu dituzte
Agerraldia egin dute gaur, eta salatu dute trafikoaren eta segurtasunaren arazoak "udalaren kudeaketa eskasaren ondorio" direla.
Irungo Ermita kalean bizi diren herritarrek kale horren berrurbanizazioaren ondotik sortu diren trafiko eta mugikortasun arazoak salatu dituzte gaur goizean egindako agerraldi batean, eta azpimarratu nahi izan dute egoera horretara “udalaren kudeaketa txarraren ondorioz” iritsi direla. Izan ere, azaldu dute Ermita kalea alde zaharreko Berroneratze Integraleko Eremuaren parte dela, eta 2009. urtetik bere ordenantza propioa duela; ildo horretatik, nabarmendu dute ordenantza horretan kalea oinezkoentzat dela izendatzen dela eta igarobideko trafikoari murrizketak ezartzen dizkiola. Alabaina, salatu dute aipatutakoa ez dela betetzen.
Hortaz, “kalea oinezkoentzat bihurtzeko eta trafikoa kudeatzeko ardura eza dela eta”, kontatu dute trafikoak “neurriz kanpo” egin duela gora azken urteetan, eta horrek eragin duela segurtasuna izatea bizilagunen kezka nagusia. Hots, gehitu dute 2022an egindako peatonalizazioak aukera eman ziola udalari 2009. urtetik aintzat hartu ez diren peatonalizazio irizpideak ezartzeko, baina “ez dute horrelakorik egin”.
Era berean, agerraldian salatu dute bizilagunek azken asteetan alkatearekin eta gai horien arduradunekin egindako bilerak “alferrikakoak” izan direla, eta “arazoari aurre egiteko borondate politiko eza agerian geratu” dela. Ondorioz, bizilagunek Arartekora birritan joatea erabaki dute “euren kexei erantzuteko eta arazoari lehenbailehen irtenbidea emateko”.
Bizilagunek, bestalde, azaldu dute Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulazioari buruzko 2000. Udal Ordenantza “eguneratu beharra” dagoela, “ez baitu aipatzen ‘egoiliarrak izan ezik’ seinalea, eta Ermita kalean hutsune juridikoa sortzen duela zirkulatzeko orduan”. Gauzak horrela, bizilagunek Irungo Udalari eskatu diote Ermita kaleari mugikortasunaren eta trafikoaren kudeaketan alde zaharreko beste kale peatonal batzuei ematen zaien tratu bera emateko.
Eta horrela amaitu dute agerraldia: “Kalea peatonalizatzea udalak bakarrik hartutako erabakia izan zen, eta, horrenbestez, udalak bere gain hartu behar du erantzukizuna peatonalizazio irizpideetara egokituz eta bizilagunen segurtasuna bermatuz “.

