EAJk "erantzukizuna eta egia" eskatu dizkio Abotsanitzi
Hondarribia Lantzen sozietatea desegiteari buruz Abotsanitzek emandako azalpenak "salaketa larri" gisa kalifikatu ditu EAJ alderdiak. Udal gobernuari "erantzukizunez" jokatzeko eskatu diete.
Joan den astean Hondarribia Lantzen sozietatea desegiteari buruzko azalpenak eman zituen Abotsanitz herri plataformak. Azalpen horiek “desinformazio kanpaina” baten parte direla adierazi du Hondarribiko EAJ, urteetan beren alderdiak “zorroztasunez eta gardentasunez egindako kudeaketa publikoa zikintzea” helburu duena.
Azalpen horiek “salaketa larri” gisa kalifikatu ditu alderdiak, eta horien aurrean “erantzukizunez” jokatzeko eskatu diete jeltzaleek udal gobernua osatzen duten bi talde politikoei.
Aldi berean, irregulartasun zantzuak izan direla uste badute epaitegietara jotzera animatu dituzte jeltzaleek: “Administrazio kontseiluan ordezkaritza izan duten talde politiko guztien kontrako salaketak aurkezteko eskatzen dugu; eta benetan uste badute praktika irregularrak egon zirela funtzionarioak berak ere auzitegietan salatzeko”.
Azkenik, onartu dute Hondarribia Lantzenen azken urteetako jarduera “ez zela nahi bezain aktiboa izan”. Eta horregatik, “egiturari eta izaerari” bira bat emateko eskatu zutela. Izan ere, jeltzaleen ustez Hondarribia Lantzenek etorkizunerako “tresna erabilgarria” izaten jarrai zezakeen.

