Abotsanitz: "Hondarribia Lantzen desegitea funtsezko mugarria izan da"
Sozietatearenak ziren 8 garaje, 4 lokal, hainbat lursailen kudeaketa zein Kiroldegiaren zerbitzuaren kontrol finantzarioa, obren eta inbertsioen esku hartzeak, kontratazio lizitazioak eta abar, udalaren esku geratuko dira.
Irailaren 25ean gauzatu zen osoko bilkuran, Hondarribia Lantzenen likidazioa onartu zuen Hondarribiko Udalak —Abotsanitz eta EH Bilduren alde agertu ziren eta EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten—.
Hala, sozietatearenak ziren 8 garaje, 4 lokal, hainbat lursailen kudeaketa zein Kiroldegiaren zerbitzuaren kontrol finantzarioa, obren eta inbertsioen esku hartzeak, kontratazio lizitazioak eta abar, udalaren esku geratuko dira.
Abotsanitzek azaldu duenez, Hondarribia Lantzen desegitea, zerbitzuak udalekotzea eta ondasunak udalaren esku geratzea “funtsezko mugarria” izan da herri plataformarentzat. Izan ere, sozietatearen “dinamikak hautsi” eta “bertan egiten ziren hartu-emanak publiko egiteko” aukera izango dute orain.
Hondarribia Lantzen sozietatearen sormena eta honen kudeaketa, “EAJren gobernantza opakutasunaren adibiderik garbienetako bat” dela adierazi dute: “1992an sortua izan zen hirigintza- garapenak sustatzeko, diru publikoarekin finantzatuko zena. Hasieratik, teknikaririk gabe eta politikoz osaturiko administrazio batzar baten aginduaz zuzentzen zen Hondarribia Lantzen, baina azken hamarkadetan, inpunitate osoz, beste kudeaketa batzuk burutzeko baliatu dute jeltzaleek”.
Datozen asteetan “enpresa-pantaila” horri eman zaion erabileraren inguruan xehetasun gehiago emango dituztela aurreratu dute.

