Gazako setioa hausteko eskatu dute hondarribiarrek
Palestinako banderak airean eta 'kufiyak' soinean ozen oihukatu zuten udaletxe parean bildu ziren zientoka herritarrek. "Gora Palestina erresistentzia" edota "Israel hiltzaile Europa laguntzaile" bezalako aldarriak egin zituzten.
Atzo arratsaldean Hondarribiko kale nagusia aldarriz bete zuten Gazako setioa hautsi eta Israel desegiteko eskatzera elkartu ziren herritarrek. “Israel hiltzailea Europa konplizea”; “Boikot Israel, Palestina askatu”; “Gora Palestina erresistentzia” edota “Israel hiltzaile, Europa laguntzaile” bezalako aldarriak egin zituzten herritarrek.
Palestinako banderak airean eta kufiyak soinean ozen oihukatu zuten udaletxe parean bildu ziren zientoka herritarrek. Zenbait minuturen ondoren, elkarretaratzeari amaiera emateko, flotillako kideei elkartasuna adierazi eta “estatu terrorista desagerrarazteko bidean” Israelekin harreman, salerosketa eta harreman diplomatiko oro eteteko eta kirol ekitaldi orotatik ateratzeko garaia dela aldarrikatu zuten.
Azken asteetan izandako mobilizazioei esker, gainera, Europako gobernuak “zenbait neurri iragartzera eta Palestinako estatua aitortzera behartuta” ikusi direla adierazi, eta, zentzu horretan, orain dela “presioa egiteko momentua” helarazi zuten. Argi dute ez dela erraza izango, “baina herri langileen elkartasunak ez dauka mugarik”, esan zuten.
Azkenik, hurrengo egunetan egingo diren ekintzak babesteko deia luzatu zieten herritarrei, eta gogoratu zuten Hondarribitik Iruñeara joateko [Palestinar erresistentzia aurrera, Israel desegin lelodun martxa egingo da bihar Iruñean. 12:00etan hasiko da Antoniutti parketik] autobusak jarriko dituztela. 09:45ean irtengo dira Jostaldi pilotalekutik. Apuntatzeko orriak Ipotx goxokidendan eta Ttoparan aurki daitezke.
- A. Mendizabal
- E. Pascual
Hona hemen atzoko elkarretaratzean irakurri zuten testu osoa:
“Une honetan 400 ekintzaile baino gehiago daude atxilotuta, tartean hainbat euskaldun. Lehenik eta behin gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Israelek Gazan egiten duen sarraskia eta setioa hausteko euren pribilegioak utzi Palestinarren alde jarri eta beren bizitza azken muturreraino eramateko adorea izan duten horiei guztiei. Bestetik, Israelen izaera kriminala salatu nahi dugu. Noraino iritsiko da entitate terrorista hau?
Premiazkoa da Palestinaren aldeko borroka oro munstro sionistaren aurkako borroka bihurtzea eta bere zilegitasuna zalantzan jartzea. Izan ere, Israelen existentziak berak mundua are arriskutsuago bilakatzen du. Dena den ontzietako kideek behin eta berriz adierazi duten bezala ezingo dugu ahaztu ontzidiaren helburua nazioarteko begiak Gazan kokatzea dela. Ez dago hitzik hiztegian Israel gazan egiten ari den sarraskia deskribatzeko. Gazaren %90 suntsituta dago. Zuti geratzen diren ospitaleak tankez inguratuak daude. Gosetea sufritzen ari da populazioaren gehiengoa.
Bada garaia estatu terrorista desagerrarazteko bidean Israelekin harreman, salerosketa, eta harreman diplomatiko oro eteteko eta kirol ekitaldi orotatik ateratzeko. Azken asteetan mobilizazioei esker Europako gobernuek zenbait neurri iragartzera eta Palestinako estatua aitortzera behartuta ikusi dute beren burua. Global Sumud ontzidiak erakutsi digu euren determinazioak Espainiako eta Italiako gobernuak bertan diren beren biztanleak babesteko armada mugiaraztera behartu dituela, gutxi batzuen bizitzak ehundaka, milaka Palestinarren biziak baino gehiago axola diela. Aurpegia garbitzeko neurri hutsak besterik ez badira ere, argi izan behar dugu borrokaren fruitu direla, eta orain dela momentua presioa egiteko.
Ez da borroka erraza izango; izan ere, Israel Amerikako Estatu Batuen eta Europaren proiektu inperialistaren parte funtsezkoa delako. Eta zentzu horretan euskal burgesiaren aliatua ere badelako. Baina herri langileen elkartasunak ez dauka mugarik. Eta Palestina herriak eta bere erresistentziak ere tinko dirauen era berean, gure egitekoa da Israeldar guztiei bakerik ez ematea estatu sionista desagerrarazi arte”.



