Energia burujabetzaren eta jasangarritasunaren bidean
Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegoarekin elkarlanean jasangarritasunaren eta energia burujabetzaren aldeko «urrats sendoa» eman nahi du udalak, energia komunitate bat sortuz.
Energia komunitate bat izaera juridikoa duen konpartitutako autokontsumo proiektu bat da. Herritarrek, merkatariek, auzo elkarteek, ostalariek, enpresek eta udalak eguzki plaken bidez energia berriztagarria sortu eta komunitate horretako partaide direnen artean banatzen dute, eta horren bidez, energia enpresekiko dependentzia gutxitzea, burujabetza handitzea, norberaren fakturan aurrezpen ekonomikoa lortzea eta herriak duen aztarna ekologikoa gutxitze bidean pauso garrantzitsu bat ematea ahalbidetzen du.
Gipuzkoa herrialde aitzindaria da energia komunitateetan. Udalerri askok eta askok dagoeneko martxan dituzte eta, eredu asko aurki daitezke. Hernani edo Azpeitia bezalako herriak eredu hartuta, Hondarribian ere jasangarritasunerantz pauso berri bat emateko gogoz agertu da Garoa Lekuona Ingurumen zinegotzia.
Lehenik eta behin, herri proiektu bat dela nabarmendu du Lekuonak, eta ziurtatu du herritar orok duela tokia bertan. Izan ere, denen beharra dute honako proiektu komunitario hau garatzeko: kide izan eta inbertsioan parte hartu nahi duten herritarrena, zein plakentzat teilatuak jarri nahi dituzten entitate edo enpresa pribatuena. «Ez da proiektu indibidual bat non nire etxean eguzki panelak jartzen ditudan autokontsumo propiorako. Baizik eta guztion artean sortzen dugun autokontsumorako proiektu konpartitu bat da». Horrek herriko komunitatea kohesionatzea ekar dezakeela uste du zinegotziak.
Egitasmoa herritarrengana hurbiltzeko hainbat informazio bilera antolatu ditu udalak. Horiek Gipuzkoako Energia Bulegoko teknikariek emango dituzte, haiekin elkarlanean garatzea asmo duten proiektua baita honakoa.
Informazio saioak
Herritarrei eta auzo elkarteei bideratutako bilera atzo egin zen. Bertan energia komunitate bat zer den, nola funtzionatzen duen, nori bideraturik dagoen, eta zein laguntza mota dauden azaldu zuten Gipuzkoako Energia Bulegoko teknikariek. Bigarren saioa, jarduera ekonomikoei bideratutakoa, datorren astelehenean (hilak 6) izango da, 10:00etan, Kultur Etxean. Hirugarrena hilaren 23an egingo dute, 18:00etan, Itsas Etxean. Horietan izena emateko hondarribia.eus webgunera jo daiteke.
Batzarren artean bereizketa hori egitea udalaren eskakizuna izan zela azaldu du zinegotziak. Profil ezberdinak direla kontuan izanik, beren ordutegira egokitzea eta informazio pertsonalizatua eskaintzeko beharra ikusi zuten. «Nahi duguna da herritarrek bere osotasunean guztientzat lekua duen proiektua dela ikustea, eta guztien beharra duena ere bai».
Azken saioan proiektuarekiko interesik ba ote dagoen ikusiko dute, eta hala balitz, dauden eredu eta aukeretatik Hondarribiarentzako egokiena zein den erabakiko dute. «Proiektu komunitarioa da, herrika sortzen dena, baina badaude energia komunitate bat baino gehiago dituzten herriak ere». Bestetik, sortutako energiari askotariko erabilera emateko aukera dagoela esan du: «Lehen erabilera, noski, gure etxeetan edo gure dendan kontsumitzen dugun energia hori jasangarria izatea izango da. Baina soberakinak baditugu karga puntu bat jarri dezakegu, adibidez».
Aldi berean, energia komunitateen sorrerarekin batera diru laguntzen bidea garatzen joan dela nabarmendu du, eta udalak horiek martxan jartzeko asmoa duela.
Zenbat eta lehenago, «hobe»
Jendea prest dagoen bitartean edozein momentu dela ona proiektuari ekiteko adierazi du Ingurumen zinegotziak. «Uste dut momentu honetan gizarte bezala eta ditugun erronkak ikusita une ona dela. Duela gutxi itzalaldi bat ere izan genuen. Argi dagoena da gure garapen mailak gizarte bezala beste ereduetara jotzea eskatzen digula. Orduan, zenbat eta lehenago hobe».
Gainera, energiaren legeak dauden aukerak asko baldintzatzen dituela adierazi du. Izan ere, entitate juridiko bat den heinean energia komunitate bat sortzeak lanketa handia eskatzen du. «Energia komunitate bat sortzea erabakitzen den momentutik prozesu administratiboa luzea da. 3 edo 4 urte luza daiteke».

