Kazetariak eta hedabideetako langileak, Israelen jopuntuan
HITZAko langileek, Euskal Herriko hedabide askotako kideek egin bezala, larunbatean Iruñean egitekoa den manifestazioarekin bat egin dute.
Palestinarekin Elkartasuna plataformak manifestaziora deitu ditu herritarrak hilaren 4rako (larunbaterako). Palestinar erresistentzia aurrera, Israel desegin lelodun martxa Iruñean izango da, 12:00etan hasiko da Antoniutti parketik.
Mobilizazioaren xede orokorra Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzea eta horren aurrean erresistentzia antolatzea bada ere, lanketa berezia egin da martxarako Euskal Herriko hedabideen artean, Palestinan lanean izan diren 249 kazetari hil dituelako Israelek. OARSO BIDASOKO HITZAko langileek bat egin dute martxarekin, eta salatu dute Israelen saiakera Palestinan gertatzen ari dena zabaltzea ekiditeko eta isilarazteko estatu hori egiten ari den saiakera, kazetariak jazartuz, hiltzeraino.
Palestinarekin Elkartasunak jakinarazi duenez, Israelek azken hilabeteetan jada 249 kazetari hil egin ditu Palestinan. Gainera, beste 520 zaurituak izan dira estatu horren erasoengatik; 191 prentsa-egoitza ere suntsitu dituzte. Atxilotuak izan diren hedabideetako langileak 206 izan dira gaur arte.
Albiste honekin, HITZAko langileen argazkia, larunbateko martxara deituz.

