Gipuzkoako Errugbi eskolen arteko topaketak, Hondarribian
Gipuzkoako hamasei elkarte elkartuko dira bertan. Txingudi Errugbi Taldeko gaztetxoenak ere bertan izango dira. Topaketa 10:30ean hasiko da.
Igande honetan Gipuzkoako Errugbi eskolen arteko topaketak egingo dira Hondarribian. Herrialdeko hamasei elkarte elkartuko dira bertan, eta guztira 400 haur inguruk parte hartuko dute. Txingudi Errugbi Taldeko gaztetxoenak ere bertan izango dira. Topaketarekin hasiera emango diote denboraldiari.
Goizeko 10:30ean hasiko da topaketa. 8 eta 11 urte bitarteko errugbilariak 10 eta 12 urte azpiko mailetan banatu eta lehen partidak jokatuko dituzte. Horretarako hamar zelaia prestatuko dituzte.
Bestalde, 14, 16 eta 18 urte azpiko taldeek ere partidak izango dituzte asteburuan. Horiek Euskal ligan aritzen dira. 14 urte azpikoek Arrasaten jokatuko dute lagunartekoa Deba Arroa eta Gaztediren aurka, 10:30ean, 16 eta 18 urte azpikoek, berriz, Getxon arituko dira talde bizkaitarraren B taldeen aurka 11:00 eta 12:30ean, hurrenez hurren.
Gizon seniorren taldea Iruñean arituko da La Unica Bren-en kontra, 15:00etan. Emakume seniorrek, aldiz, atsedena izango dute.
Entrenatzaile berria
Zaisa Txingudi taldeak entrenatzaile taldea sendotzeko pausoa eman berri du. Orain artean, Iñigo Camarero, Leire Muñoz Cao eta Tom Walsh aritu dira egiteko horretan, eta aurrerantzean Marco Dufrechou, Angeluko entrenatzailea batuko da taldera.

