Elkarrekin proiektuko zortzigarren atala ere kalean da
Alardeko konpainia ezberdinetan parte hartu nahi duten emakumeen testigantzak jasotzen dituen egitasmoari bukaera eman badiote ere, Guztion Alardeak abian duen sinadurak biltzeko egitasmoa martxan da oraindik.
Elkarrekin proiektuaren zortzigarren atala kaleratu du Guztion Alardeak. Ainhoa da atal honetako protagonista, eta bertan, Mendelu konpainiako kantinera gisa bizi izan zuenaz eta aurrerantzean haren senideen alboan bizi nahiko lukeenaz mintzatu da.
Jaiak hasi baino bi egun lehenago argitaratu zuten lehena, eta astero astero atal berri bat kaleratu dute. Atal horietan zehar adin ezberdinetako herritarrak ikusi ahal izan dira. Denek alardean parte hartzeko ilusio eta gogo berak zituztela ikusi ahal izan da. Hausnarketa egin ondoren, desfileko arropak jantzi dituzte denek. Norbere konpainiaren koloreekin. Hori egiterakoan zerbait berezia sentitu dutela azaltzen dute denek, jaiak elkarrekin bizitzeak ekarriko lukeen guztia irudikatuz.
Sinadura bilketa
Atal honekin alardeko konpainia ezberdinetan parte hartu nahi duten emakumeen testigantzak jasotzen dituen egitasmoari bukaera eman badiote ere, Guztion Alardeak abian duen sinadurak biltzeko egitasmoa martxan da oraindik.
Alardean parte hartu nahi duten emakumeen eskaera publikoa egiteko baliatuko dituzte sinadurak. Beraz, sinatu nahi duten emakumeek zein konpainiatan parte hartu nahi duen zehaztu beharko dute hilaren 17a baino lehen. Egun horretan Guztion Alardeko kideak San Pedro kalean izango dira eta bertan sinatzeko eta Elkarrekin proiektuko kamisetak jasotzeko aukera izango da.
Gogoan izan digitalki ere apuntatzeko aukera dagoela. Horretarako, izen abizenak, nortasun agiria eta parte hartu nahi den konpainia zehazten dituen mezu bat bidali beharko da guztion.alardea@gmail.com helbidera.

