Bidasoa Digitala programaren edizio berri bat burutu dute
Azken urtean hamalau enpresa programaren parte izan badira ere, horietatik seik burutu dute programak eskaintzen duen ibilbide osoa.
Irun eta Hondarribiko udalek, Bidasoa Biziriken bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Bidasoa Digitala programa aurrera eraman dute beste urtebetez. Egitasmo horren ardatza tokiko enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala bultzatzea da.
Aurreko ikasturtean bertako hamalau enpresek parte hartu zuten Bidasoa Digitala programan, eta hari esker lehiakortasuna hobetzea lortu dutela adierazi du Bidasoa Bizirikek.
Azken urtean hamalau enpresa programaren parte izan badira ere, horietatik seik burutu dute programak eskaintzen duen ibilbide osoa: Plásticos Lezo, Moldes y Mecanizados Hemen, Mármoles Oiasso, AiAdek, Bravo Logistic eta Sellex-ek.
Ibilbide horretan, “heldutasun digitalaren diagnostiko bat, datuen kudeaketa optimizatzeko ibilbide-orri bat, erronken identifikazioa eta beren beharretara egokitutako soluzio digitalak dituzten proiektuak diseinatu dira”, zehaztu dute.
Programak utzitako ondorioak
Azken hilabeteetan ikusi ahal izan dutenez, eskualdeko enpresa txiki eta ertainek datuak identifikatzeko eta biltegiratzeko gaitasuna dute, baina datu horiek tratatu, analizatu eta bistatzeko zailtasunak dituzte. Azken horiek, Bidasoa Biziriken arabera, “funtsezko etapak dira informazioa negozio aukera berriak bultzatuko dituen balio estrategiko bihurtzeko”.
Zentzu horretan lanean jarraituko dutela adierazi du Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko presidenteak, eta datozen urteetan Bidasoa Digitala programa indartzeko, eskualdeko industria, merkataritza eta zerbitzuetako enpresa txiki eta ertainei zuzendutako deialdi berriak irekitzeko lan egingo dutela aurreratu du.
Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko lehendakariordeak, bestetik, Bidasoa Digitala programa “lankidetza publiko pribatuak tokiko ehun ekonomikoan benetako eragina nola sortzen duen erakusteko adibide argia” dela adierazi du.

