Eremu tentsionatuetan alokairuaren prezioari topea jartzeko indizea, indarrean bihartik
Espainiako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du alokairurako prezioen indizea; bihartik indarrean izango da tentsio handiko eremu izendatutako Gipuzkoako udalerrietan.
Nahi baino gehiago kostata, baina iritsi da. Gaur argitaratu du Espainiako Aldizkari Ofizialean Etxebizitza ministerioak alokairurako Gipuzkoako erreferentziazko prezioen indizea. Hori horrela, bihartik aurrera indarrean sartuko da tentsio handiko eremu izendatutako Gipuzkoako udalerrietan.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak aurtengo apirilaren 27an izendatu zuen Irun tentsio handiko eremu. Ez zuen udalak alokairuen prezioari muga edo topea jartzeko behar zituen erremintak eskura Gipuzkoako erreferentziazko prezioen indizea zehaztu gabe zuelako Espainiako Gobernuak.
Indize hori argitaratuta, bihartik sartuko da indarrean. Irunekin batera, Errenteria-Orereta, Donostia, Lasarte Oria eta Zumaia dira tentsio handiko eremu izendapena jaso duten Gipuzkoako udalerriak, momentuz. Bihartik, beraz, hiru kasutarako prezio tartea izango dute Eusko Jaurlaritzak bere web orrian jaso duenaren arabera: edukitzaile handiak—bost higiezin edo gehiago dituztenak—, alokairuaren merkatuan lehen aldiz jarriko diren etxebizitzak eta azken bost urteetan alokatu ez diren etxebizitzak.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du tentsio handiko eremu izendatutako Gipuzkoako udalerrien errentamendu kontratuen %90 IRAVen— Etxebizitza Alokairuari buruzko Erreferentzia Indizea— bidezko kontrol sisteman zeudela, eta hortaz, indize berria kontratuen gainerako %10ari soilik aplikatuko zaiola.
Etxebizitzen alokairu prezioen balio tartea ezagutzeko, higiezinaren katastro erreferentzia edo helbide osoa sartu behar da, energia ziurtagiria, instalazioa eta kontserbazio egoera gehituta. Horiek sartuta, etxebizitza horri ezartzen zaion hileko errentaren tarte objektiboa lortuko da urriaren 1etik, bihartik, aurrera (klik hemen).

