Bigarren etxebizitzen errekargua eta ibilgailu ekologikoentzako hobariak Hondarribian
Bigarren etxebizitzen gaineko OHZ errekargua eta ibilgailu ekologikoentzako hobariak onartzeaz gain, udal tasak eguneratu eta Hondarribia Lantzenen likidazioa ere onartu du udalak.
Atzo, hilaren 25ean, egin zuen udalbatza Hondarribiko Udalak. Lau neurri nagusi onartu zituen: udal tasen eguneratzea, bigarren etxebizitzen gaineko Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) errekarguaren igoera, gutxiago kutsatzen duten ibilgailuentzako hobariak handitzea eta Hondarribia Lantzen sozietate publikoa behin betiko likidatzea. Horrez gain, eskola eta udal eraikinen garbiketa eta desinfekzio kontratuaren luzapena ere onartu zuen.
Hala, Abotsanitz eta EH Bilduk udal tasak %2z igotzearen alde bozkatu zuten. “Udal zerbitzuen kalitatea bermatzeko eguneraketa” garrantzitsu gisa definitu du Igor Enparan alkateak, “herritarren ekarpenaren eta zerbitzuen benetako kostuaren arteko oreka mantentzea” helburu izanik.
Bestetik, ohiko bizilekua ez duten higiezinen gaineko OHZren errekargua igotzearen alde ere egin zuten udal gobernuko bi taldeek. Beraz, % 75etik % 100ekoa izatera igaro da. Gauzak horrela, udalak kuota likidoaren % 150erainoko errekargua eskatzeko ahalmena du, dagoeneko inguruko zenbait hiritan gertatzen den bezala; besteak beste, Donostian edo Irunen. Horrekin batera, errekargutik salbuesteko urteko energia kontsumoaren gutxieneko maila 3.000 kilowatt-orduko izatetik 1.000 kilowatt-ordukoa izatera pasa da. Honen bidez “etxebizitzen erabilera arduratsuagoa sustatzea eta higiezinek beren funtzio soziala betetzea” bermatu nahi ditu udalak. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren.
Horrez gain, mugikortasun jasangarriari bultzada bat emateko trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren hobariak ere igo ditu. Hortaz, motor elektriko hutsa dutenei ibilgailuen zergaren kuotaren % 94ko hobaria aplikatu ordez % 95ekoa aplikatuko zaie. Ibilgailu hibridoen kasuan, aldiz, emisioaren araberako hobaria aplikatuko zaie; % 25etik % 75era arte joan daiteke. Abotsanitz eta EH Bilduren ekimenez atera zen aurrera neurria, eta EAJ eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.
Bestetik, 1992an eraturiko Hondarribia Lantzen udal sozietateren behin betiko likidazioa ere onartu zuen atzoko udalbatzak. Orain udalak bere gain hartuko ditu orain arte sozietateak kudeaturiko ondasun, zerbitzu eta erantzukizun guztiak, eta 1,64 milioiko aktibo garbia jasoko du, tartean daude hondartzako kiroldegia eta garaje, lokal eta lurzoru batzuk. Aurreko neurrian bezala, Abotsanitz eta EH Bilduk alde bozkatu zuten, eta EAJ eta PSE-EEk aurka.
Azkenik, 359.000 euroko aurrekontu aldaketa onartu zuten aho betez “aurrekontuan aurreikusi gabeko premiazko gastuak estaltzeko”. Aldaketa horretatik 350.000 euro uztailean Ministroen Kontseiluak onarturiko udal langileen soldata % 0,5ez igotzeko derrigorrezko igoera estaltzera bideratuko dira, beste 9.000 euro, ordea, udal langileen prestakuntza indartzera.
Halaber, Alaitz Zabala Zarautzen lekua hartuz udalbatzara sartu berri zen EAJko Borja Agueda Osesi ongietorria eman zion alkateak, “etapa berri honetan onena opaz”.

