Plaiaundik etxeetako zaintzaileak jarriko ditu erdigunean zenbait proiekturekin
Adinprest programarekin bultzatutako prestakuntza saioen hirugarren edizioa egiteaz gain, BiziZain proiektua garatuko dute.
Bidasoako eskualdean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak Adinprest programarekin bultzatutako prestakuntza saioen hirugarren edizioa egingo dute Plaiaundi Lanbide Heziketako Ikastetxean; doakoak dira saioak, eta adineko pertsonen etxeko zaintzan aritzen diren profesionalak gaitzea da helburua.
Plaiaundik 25 plaza eskainiko ditu, eta prestakuntzak 480 ordu izango ditu. Hots, auto ikaskuntza eta saio presentzialen bidez ikasteko aukera izango da, parte hartzaileen beharretara egokitutako metodologiarekin baitago diseinatuta.
Maialen Lopez, Plaiaundiko zuzendari exekutiboa: “Gure eskualdearentzat aukera bikaina da prestakuntza hau gurean izatea. Horrekin, gizarte behar gero eta handiago bati erantzuten diogu, eta, aldi berean, Bidasoako zaintza arloko langileen enplegagarritasuna eta aintzatespena indartzen ditugu”.
Prestakuntza horretaz gain, BiziZain: Zaintzen dituztenak zainduz proiektua garatuko dute ikasturte honetan Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatuta eta Adinberri, Matia Fundazioa eta Maitelanekin lankidetzan. Honek “zaintzaileen ongizatea jartzen du erdigunean, maiz bakardadea, gainkarga emozionala eta babes falta pairatzen duen kolektiboa baita”.
Aurreratu dutenez, proiektu horrek “soluzioak” sortuko ditu; hala nola, laguntza psikologikoa eskaintzen duten plataforma digitalak adimen artifizialaren bidez, estresa kudeatzeko errealitate birtualeko esperientziak, laguntza taldeak eta komunitate topaketak. Helburua, hortaz, “zaintzaileak erdigunean jarriko dituen zaintza ekosistema bat sortzea” da.
Lopez: “Plaiaundik ez ditu soilik zaintza arloko profesionalak prestatzen, baizik eta zaintzen dituztenak zaintzeko berrikuntzak ere garatzen ditu. BiziZain-ekin balio erantsia eman nahi diogu eskualdeari, gizarte eta osasun arloko eragileekin sarean lan eginez”.
Prestakuntza saio horietan parte hartzeko izen ematea zabalik dago, eta inskribatzeko 688 86 04 44 zenbakira deitu behar da.

