Lanean Mugaz Gaindiko Enplegu Azoka egingo dute, lehenengoz
Urriaren 23an izango da topaketa, 09:00etatik 13:30era, Ficoban. Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitania Berriko lan eskaintzak izango dira bertan.
Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Biziriken bidez eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearekin elkarlanean, Lanean Mugaz Gaindiko Enplegu Azokaren lehen edizioa antolatu dute. Urriaren 23an izango da, Ficoban, 09:00etatik 13:30era, eta bertan Gipuzkoa, Nafarroa eta Akitania Berriko 55 enpresa baino gehiago izango dira topaketa horretan. Haren helburua da, gainera, “enplegua bilatzen ari diren pertsonak mugaren bi aldeetan dauden lan aukeretara hurbiltzea eta enpresekin harreman zuzena erraztea”.
Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirikeko lehendakaria: “Laneanekin hiru lurraldetako enpresa sarea enplegua bilatzen ari diren pertsonei hurbiltzeko urrats erabakigarria ematen dugu. Bidasoa Bizirikek lan aukerak areagotzeko eta etorkizun profesionala bultzatu nahi dutenak laguntzeko lanean jarraitzen du”.
Elkarrizketak egiteko guneez gain, azokak informazio praktika emango du hautaketa prozesuei, gehien eskatzen diren lan profilei eta enplegua bilatzeko laguntza baliabideei buruz.
Estitxu Urtizberea, Bidasoa Bizirikeko lehendakariordea: “Lanean tresna estrategikoa da enplegagarritasuna indartzeko eta mugaz gaindiko lurraldean lan mugikortasuna sustatzeko, enpresak eta pertsonak espazio berean elkartzen diren ekosistema bat sortuz”.
Azoka horretara sartzeko ez da ezer ordaindu beharko.

