'The best of Mozart' gala egingo dute larunbatean, Amaia KZn
Wolfgang Amadeus Mozart konpositorea "gogoratu eta jendeari hurbiltzeko" saioa izango da hilaren 27koa. 19:00etan izango da.
The best of Mozart gala egingo dute datorren larunbatean (hilak 28) Amaia KZn Wolfgang Amadeus Mozart konpositorea “gogoratu eta jendeari hurbiltzeko”. 19:00etan izango da emanaldia.
Gala honek Mozarten opera handien laburpen bat egiten du haren lan ospetsuenetako batzuk bilduta; aria, duo eta multzo formatuan egiten dute, eta opera serioaren, opera buffoaren eta tragédie lyriqueren segida bat egiten dute, gelditu gabe.
Zehaztu dutenez, gala horretan lau bakarlari ariko dira: Naroa Intxausti soprano bilbotarra, Anna Tobella mezzo kataluniarra, Oscar Ore tenore perutarra eta Arturo Pastor baritono alacantarra. Luis Mariano orkestrak lagunduko ditu, eta zuzendaritza musikala Jose Ferreira Lobo portugaldarrak egingo du.
Emanaldi horretako sarrerak 10 euro balio du, eta udalaren webgunean, Luis Marianoko Turismo Buelgoan edota Amaia KZren lehiatilan bertan eros daitezke.
Horretaz gain, Zinema Operaren hurrengo saioa hilaren 30ean izango dela aurreratu dute. Hitzordu hori 18:00etan izango da, eta R. Wagnerren Lohengrin operaren bertsio bat izango da. Saioaren aurkezpena Paquito Saguesek egingo du.

