Lantalde Industrialei zuzenduriko bi ziklo berri sortu ditu Bidasoa Bizirikek
Ziklo berri horiek adimen artifiziala eta talentuaren kudeaketa izango dute ardatz. Lantalde Industriala egitasmoak 20 langiletik gora dituzten hamar enpresa industrialek osatzen dute.
Bidasoa Bizirikek, Lantalde Industriala osatzen duten enpresentzako, adimen artifizialari eta talentuaren atxikipenari eskainitako bi ziklo berri eskainiko ditu datorren ikasturtean: Prozesu industrialetan adimen artifizialaren aplikazioa eta talentuaren kudeaketa eta atxikipena.
Lehen zikloa, adimen artifiziala ardatz duena, hilaren 23an hasi zen (atzo). Bertan, AAren bidezko plangintza eta enpresaren kudeaketan ezarri zuten fokua. Bigarren zikloa, berriz, urriaren 16an hasiko da. Eta bertan, enpleagatzaile markaren eraikuntza jorratuko dute.
Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko lehendakariak adierazi duenez, ziklo berri horiek enpresen beharren arabera sortu dituzte, “enpresek beraiek adierazita”. Ziklo horiek, testuinguru globalean enpresen posizioa sendotzeko baliagarriak izango zaizkiela uste du Alzagak.
Aldi berean, Estitxu Urtizberea Bidasoa Bizirikeko lehendakari ordeak berretsi duenez, berrikuntza teknologikoa eta talentuaren kudeaketa uztartzea dira garapen agentziak identifikatu dituen etorkizuneko lehiakortasunaren oinarriak.
Lantalde Industriala
Bidasoa Bizirikek 2022an abiatu zuen Lantalde Industriala egitasmoak 20 langiletik gora dituzten hamar enpresa industrial biltzen ditu egun: Alcad Electronics, Algon Estructuras Metálicas, Conatec, LikaleCauchopren, Norclamp, Railtek Ingeniería Industrial, Sellex, Válvulas Zubi, Alai Extrusión eta Bianditz.
Egitasmoak jardunaldi tematikoak eta enpresetan egindako topaketak sustatu ditu urte hauetan guztietan zehar. Eta urtero, gainera, proiektu errealen kasuak ezagutzeko bisitak jasotzen dituzte enpresek. Horrenbestez, Bidasoa Biziriken esanetan, “erreferentziazko eredu” gisa sendotzen ari den egitasmoa da.

