Bertako Produktuaren Astea hilaren 29tik urriaren 4ra izango da
Bertako ekoizle eta eragileei garrantzia eta espazioa emateaz gain, "pertsonek produktuen benetako garaiarekin eta naturaren erritmoarekin konektatu eta herritarren kontsumitzeko moduan aldaketak sortzeko" helburua du Bertako Produktuaren Asteak.
Bertako ekoizleen lana eta produktuak balioan jartzeko asmoz sortu zen Bertako Produktuaren Astea. Lehen apirilean antolatzen zuen udalak, baina duela hiru urtetik iraila-urria aldera egiten dute, era horretan bertako lurrak, itsasoak eta animaliek ematen duten lehengaia hobeto aprobetxatzen delako.
Aurten hilaren 29tik urriaren 4era izango da, eta gaur goizean eman dituzte haren inguruko xehetasunak. Guztira hamabost tailer egingo dituzte: besteak beste, Botika Agroaldea ezagutzeko bisita, Euskal gazten mundura gerturatzeko tailerra edota kontserbak prestatzen ikasteko showcooking-a egingo dituzte.
Aurkezpenean bertako ekoizleekin duen konpromisoa berretsi du Estitxu Urtizberea zinegotziak. Haren hitzetan, bertako ekoizle eta eragileei garrantzia eta espazioa emateaz gain, “pertsonek produktuen benetako garaiarekin eta naturaren erritmoarekin konektatu eta herritarren kontsumitzeko moduan aldaketak sortzeko” helburua du ere, “kontsumo jasangarriago eta baliabideen ustiapen zuhurrago” baten alde.
Egitaraua anitza
Aurten ere programazioa anitza izaten saiatu dira. Lehen egunean, astelehenean, Gure baratza eta Euskal Gazta deitutako jarduerak egingo dituzte. 17:00etatik aurrera Botika Agroaldea bisitatuko dute familiek eta “bertan, tomate bat lortzeko zer lan egin behar den jabetuko dira”. Ondoren, 18:30ean euskal gazten mundua ezagutzeko tailerra eskainiko du Abatzako Ioritz Imazek.
Asteartean, helduei zuzenduriko tailer/showcooking moduko bat eskainiko du Tatapas Gastrotekako Adur Arrietak. Goizeko 11:00etan izango da, San Gabriel zaharren egoitzan. Zinegotziak adierazi duenez, kontserbak oso garrantzitsuak izan dira hondarribiarren bizitzan, eta inportantea iruditu zaie “itsasoarekiko harremana berreskuratzea eta jakintza hori berriz sozializatzen hastea”.
Arratsaldean, 17:30etik aurrera Mugarrieta Ganadutegian abeltzaintza jasangarria gertutik ezagutzeko bisita egingo dute familiek, eta segidan, Elikaeskolan, osasuntsu jaten ikasteko tailerra eskainiko dute. Azken hau nerabeei zuzendurik dago.
Asteazkenean, urriaren 1ean, ogi txirulak egiteko eta erleen mundua ezagutzeko aukerak izango dira. Lehena 17:30ean izango da, Amona Margarita Okindegian eta bigarrena, 18:30ean izango da Bidasoako Erlezain Elkartean. Azken honi dagokionez, zinegotziak “erlerik gabe etorkizunik ez” dagoela esateko baliatu du aukera. Eta beraz, horiek babesteko deia egin du.
Ostegunean, baratzeko barazkiak, fruituak eta loreak jaso eta eskulan koloretsuak sortzeko tailerra eskainiko du Saioa Loidik Botika Agroaldean. Eta horren ondoren, euskal pastelak prestatzeko aukera izango dute haurrek, Sebastian jatetxean.
Ostiralean, aldiz, pizza dibertigarriak egiteko tailerra antolatu dute Garuan, eta Danontzat Gastrotekan markatuko produktuak zaporez eta berrikuntzaz betetako euskal errezetak egingo dituzte.
Azken egunean, larunbatean, sasoiko frutak ezagutu, sasoiko osagaiekin prestatutako errezeta bat egiten ikasi, tailer ekoaktibo batean parte hartu edota loreen mundua arakatzeko hitzorduak ezarri ditute. Horien guztien xehetasunak Hondarribiko Udalaren webgunean aurki daitezke. Izen emateak ere bertan egin behar dira.
Botika Agroaldea eta Tatapas Gastroteka
Botika Agroaldean hiru tailer eskainiko dituzte guztira. Batetik, bertako eskolekin bisitak antolatzen dituzte urtero. Saio horietan ikasleei garai honetan dutena eta edukiko dutena erakusten dietela adierazi du Eneko Huartek. Horren ondoren, azokara jaitsi eta bertako produktu hori non saltzen den ikusiko dute ikaslek. “Bisitetan ondo pasatzeaz gain kuriositatea pizten zaiela ikusten dugu”, gaineratu du.
Urtero kurtso bereko ikasleak izaten dituztenez, ez dute haiengan ikasitakoak eragina izan duen ala ez egiaztatzeko modurik. Hala ere, ikastetxeekiko harremana sendotu dela nabarmendu du, eta zentroetan ere bertakoen eta garaiko produktuen inguruko lanketa egiten dutela.
Bertako Produktuaren Astea garrantzitsua da Agroaldeko langilearentzat. Ekoizleek egiten duten lana plazaratzeko agertoki polita izateaz gain, beren lana “duina eta bideragarria” dela erakusteko modua delako.
Tatapas Gastrotekan, berriz, euskal gazten mundua ezagutzeko tailerra eskainiko du Abatzako Ioritz Imazek. Gastrotekak eskaintzen dituen gaztek bertako jatorria dutela azaldu du Adur Arrietak, eta tailer honen helburua haurrek beren gurasoei supermerkatuetan bertako gaztak erosteko ohitura zabaltzea izango da. “Uste duguna baino gazta mota ezberdin gehiago ditugu. Idiazabal gaztez harago beste hainbat gazta mota daude”.
Bestalde, San Gabriel egoitzan kontserben inguruko tailer/showcooking entretenigarria eskainiko du Arrietak berak. Nahi duenak, Xaia dendak emandako antxoak garbitzeko aukera izango duela azaldu du, eta ondoren, pintxoak prestatu eta bi motatakoak dastatuko dituzte: gatzatutako antxoak eta ozpindutakoak. “Helburua zenbait broma egin, dibertitu eta parte hartzea izango da”.
Haren jatetxean, gainera, bertako produktuak izaten saiatzen dela aitortu du. “Ahal dela bertakoa erosten dugu. Udan adibidez tomatea erregea da, eta bertako tomateak soilik erabiltzen ditu. Garai honetan, porruak eskuratu eta porrutadak egiten ditugu noizbehinka, eta urte osoan zehar ozpindutako piparrak erosten ditugu. Bertakoa erosteko ahalegina egiten dugu, baina zaila da. Produktuak momentu jakin batean izaten dira, denboraren menpe daude, eta hemengoa ez dagoenean kanpokoa erosi behar izaten dugu. Baina helburua bertakoa erostea da beti”.

