112. udal aldizkaria kalean da
CBA izan du gai nagusi azken aldizkariak. 20.000 ale banatuko ditu udalak etxeetan, eta interneten ere irakurgai dago.
Kalean da 112. udal aldizkaria, eta CBA du protagonista. Hala, CBA: Kultur Eztanda. Kultur eta sormen iraultza izenean, Carlos Blanco Aguinaga zentroari gehitu berri zaion kulturgune berrian sakondu du aldizkariak.
Izan ere, hilaren 11n inauguratu zuten 2.400 metro koadroko eremu berria, orain arteko CBAren azalera bikoiztuz. Kontzertuetarako, hitzaldietarako, erakusketetarako edo arte sorkuntzarako espazio aproposa bilakatu da eremu berria.
Horrez gain, Next Generation EU funts europarren bidez Irunen eginiko 13,5 milioi euroko hobekuntzak ere izan ditu hizpide, hala nola, Oiassoko terma erromatarrak, Irunbuseko flotaren elektrifikazioa edota Irugutzetako labeen birgaitzea.
Halaber, udan hirian izandako kultur ekitaldi handien errepasoa ere jaso du 112. honek, ez baitira gutxi izan: Dies Oiassonis, Euskal jira, auzoetako kultur agenda edo Fermin Muguruzaren kontzertua. Azkenik, Tribuna Irekia atalean udal talde guztien ahotsak bildu dira.
Gauzak horrela, 20.000 ale inguru banatuko ditu udalak etxeetan, eta interneten ere eskuragarri dago.

