CAF publikoki salatu du ‘Ibaitik itsasora’ ekimenak
Manifestazoa izan da gaur Irungo kaleetan. CAF enpresako langileek eraman dute lekukoa, haien enpresarekin duten desadostasuna erakutsiz.
Argazkia: Urko Iridoy Israel hiltzaile, CAF laguntzaile!. Besteak beste, lelo horrekin egin du bidea 17:00etan San Juan plazatik abiatu den manifestazioak. CAF enpresa izan da helmuga, Ibaitik itsasora ekimenak Israelekin harremanak dituzten erakundeak salatu nahi izan ditu eta. Jerusalemgo tren arina gauzatzen ari da CAF, eta 20 urteko hitzarmena sinatu dute.
CAFeko langileek bideratu dute manifestazioa, eta haiek eraman dute lekukoa. Gaur goizean, lanuztea egin dute lantokian, eta arratsaldean haien presentzia erakutsi nahi izan dute elkarteratzean. 600 pertsona inguru bildu dira Irungo kaleetatik, Palestinako bandera eta ikurrak eskuan zituztela. «Oso garrantzitsua iruditzen zait CAF bezalako enpresek egiten dutena salatzea, genozidioa egiten laguntzen dute eta. Bihar Carrefourren egingo dugu salaketa», azaldu du Marijose Iztueta manifestazioko parte hartzaileetako batek.
CAF aurrean amaitu da manifestazioa, eta hitza hartu du BDZ Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak Palestinaren askatasunaren aldeko mugimenduko kide batek. «Bost urte daramatzagu CAFeko langileekin kanpainan. Orain, badakigu enpresak negozio zikin bat baduela Israelen». BDZko kideak aipatu du Francesca Albanesek egindako txosten batean azaltzen dela CAFek garbiketa etnikoa egiten duela Israelen.
BDZko kidea: «Denon artean, CAFeko zuzendaritzari presioa egiten ari diogu. Lehen langileen eta Palestinaren aldeko mugimenduen gauza zen, baina orain, jende eta erakunde asko lerratu dira». Horren adibide, aipatu du iaz EHUk CAFekin batera egiten diren proiektuak albo batera uztea erabaki zuela eta orain, Saioa Alkizak Igartza saria jasotzea ukatu egin duela. «Euskal Herrian eta hemendik kanpo presio asko egin zaio CAFi proiektu hauen harira». Abuztuan iragarri zen Belgikak CAFekin zuen akordioa kolokan jarri duela, enpresak Israelekin duen harremana dela eta.
CAFi «inpunitatea amaitu» behar zaiola esan du BDZko kideak. «Gobernuetatik aztertu beharrezko gauza da. CAF barruan badaude parte hartze publikoak, Nafarroako Gobernutik edo Eusko Jaurlaritzatik adibidez». Horregatik, manifestaziora hurbildutako lagunek ozenki oihukatu dute CAF atera Palestinatik leloa.
Bihar, azkena
Bihar amaituko dute Ibaitik Itsasora ibilbidea. Goizeko 08:30ean Irungo eragileak San Juan plazan geratu dira, bertatik Abenida zubira ibilbidea egiteko. Ondoren, programazio ofiziala 09:30ean hasiko da, zubian. Sokoburura joango dira, bertan ibilaldia amaitzeko, hau da, itsasoan. Arratsaldean zehar antzerkiak eta kontzertuak izango dira Hendaian.

