210 tona hondakin eta 21.100 baso berrerabilgarri Hondarribiko jaietan
Hondarribiko jaien balorazioa osatu dute Txinzer eta Hondarribiko Udalak. Hondakinak ongi bereiztea oraindik erronka den arren, herritarren jarrera eskertu dute.
Bukatu dira Hondarribiko jaiak, eta honakoa da ondorioa: garbiketarako 120 lanaldi gehigarri, 210 tona hondakin eta 20.100 baso berrerabilgarri. Hain zuzen, Txingudiko Zerbitzuak-ek eta Hondarribiko Udalak jaietarako prestatutako dispositibo bereziaren balorazioa osatu dute.
Hala, 120 lanaldi gehigarriek garbiketa lanak “goizeko lehen orduetan hastea egunero” ahalbidetu dute. Gainera, jende kopuru gehien elkartu den uneetan garbiketa areagotu egin dela ziurtatu dute.
Gauzak horrela, 210 hondakin tona baino gehiago jaso ditu Txinzerrek. Hala ere, “nabarmentzekoa” iruditu zaio beira, ontzi eta kartoiaren bilketa; baina hainbat gunetan “hondakinak behar bezala bereiztea hobetzeko erronka izaten jarraitzen duela” onartu du.
Horrez gain, txosna gunean 20.100 baso berrerabilgarri banatu ditu aurten, “eta erabili ondoren, horietako batzuk berreskuratu eta zenbatu egin dira, hurrengo edizioetan behar bezala berrerabiliko direla bermatzeko”.
Azkenik, herritarren laguntza “eskertu” nahi izan du, “parte-hartze kolektiboa” beharrezkoa izan da eta. “Herritarrei gogorarazi nahi diegu keinu bakoitzak axola duela festa jasangarriagoak lortzeko bidean aurrera egiteko”.

