569 haurrek hartu dute parte Solas Jolas udalekuetan
Euskara Zerbitzuak antolatutako udalekuak dira, eta horien helburua euskara sustatzea da. 5 puntuetatik 4,7ko balorazioa jaso du programak.
Udako oporren amaierarekin batera, udalekuen aurtengo sasoia ere amaitutzat eman da, eta, berriki, Euskara Zerbitzuak aurtengo Solas Jolas udalekuen balorazio positiboa egin du. Programa horren helburua euskara sustatzea da, “haur askorentzat udan euskaraz aritzeko aukera edo gune bakarra” baita. Pozik agertu dira antolatzaileak, orotara 569 haurrek hartu baitute parte Solas Jolasen.
Josu Iguiñiz, udal ordezkaria: “Arreta berezia jartzen diogu udaleku honi, haurren euskararen sustapena eta erabilera baitu ardatz. Datorren urteari begira lanean hasi gara eta aurre izen emateak zabaldu baino lehen balorazio sakon bat egin behar dugu. Dena ondo aztertu behar da programa ahalik eta egokien eskaintzeko, beti euskararen erabilera sustatuz”.
Udalekuen aurretik eta ondoren galdera batzuk erantzun dituzte, eta honakoak izan dira ondorioak:
- Udaleku hasieran hizkuntzaren erabilera %55 zen jolasean. Amaieran, berriz, %70ekoa.
- Udaleku hasieran hizkuntzaren erabilera %26koa zen denbora librean. Amaieran, berriz, %37koa.
- Udaleku hasieran hizkuntzaren erabilera %75ekoa zen hezitzaileekin. Amaieran, berriz, %83koa.
Jolas gidatuak egiten dituzte udaleku horietan, eta horien bidez hizkuntza ohiturak sortzea izaten dute helburu. Era berean, azaldu dute parte hartu duten haurren gurasoek balorazioa egin dutela, eta 5 puntuetatik 4,7 eman dizkiotela. Hots, nabarmendu dute antolatu dituzten txangoetatik gehien gustatu zaiena Izark Park eta Eureka Zientzia museoa izan direla, eta eskalatzera joatea eta Cristina Enea parkearen bisita ere “oso ondo” baloratu dituztela.
2025 honetan tasa eta prezio publikoen ordainketa sistema jarri du martxan Irungo Udalak, eta Solas Jolas programan 136 familiak erabili dute.

