Udalak 2,2 milioi euro bideratu ditu ikastetxeak hobetzera
900.000 euro ikastetxeak garbitzeko erabili ditu Irungo Udalak, beste 1,3 milioiak, ordea, hobekuntza eta mantentze lanak egiteko. Guztira 30 ikastetxe publikotan egin ditu lanak.
Urtea hasi denetik ikastetxeak garbitu eta hobetzera 2,2 milioi euro bideratu dituela jakinarazi du Irungo Udalak. Hala, 900.000 euro eskolak garbitzeko baliatu ditu, eta beste 1,3 milioi hobetze edo mantentze lanak egiteko. Lanen emaitzak bisitatzeko, Elatzeta Haur eta Lehen Hezkuntzarako ikastetxean izan dira Cristina Laborda alkatea eta Sandra Caballero Hezkuntza eta Gazteriako ordezkaria. Baina Elatzetaz gain unibertsitatetik kanpoko beste 29 eskoletan ere izan dira lanak.
Hobekuntza lanetarako 1,3 milioitik 460.000 euro Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe eta helduen hezkuntzako ikastetxera bideratu ditu udalak; 345.000 euro argi, gas, gasolio eta ur hornikuntzara; 200.000 euro familiek ikasmateriala erosteko eta udaleko arloek antolaturiko jardueretan parte hartzeko laguntzetara; 167.000 euro mantentze lanetara; 100.000 euro jolastoki inklusiboen sorkuntzara; eta azkenik, 46.000 euro ikastetxeentzako eta guraso elkarteentzako diru laguntza eta zazpi atezainetara.
Izan ere, “ikastetxeak hobetzeko eta familiei laguntzeko inbertsioak egiteko konpromiso sendoa” duela adierazi du Labordak, eta beraz, “Irungo Udalak lanean jarraitzen du, instalazioak egokiak, seguruak eta modernoak izan daitezen”. Datozen asteetan ikastetxeei bisita egiten jarraitzeko asmoa du alkateak, “ikasturte hasiera hezkuntza komunitatearekin batera bizitzeko”.

