Jaietako udal gobernuaren jarrera deitoratu du EAJk
Jeltzaleak herritarrekin oso eskertuta baldin badaude ere, gogor kritikatu dute udal gobernuak Alardearekiko eta jai gunearekiko duen jarrera.
Hondarribiko jaiak bukatu eta egun gutxira, EAJk egin du jada balorazioa. Hala, alkatetza dekretua “akordiorik gabe eta aldebakarreko erabakiekin” ezarri izana salatu dute jeltzaleek, jaien “antolaketa elkarrizketan eta lankidetzan oinarritu beharko liratekeelako, ez inposaketan”.
Hain zuzen, “Alardea ulertzeko eta bizitzeko” dauden moduak “errespetatzen” dituztela adierazi dute, biak “legitimotzat” jotzen baitituzte. Baina ez dute bat egiten “Alarde parekide bakarra inposatzearen alde dauden ezker abertzalearen eta gizarte erakundeen mezu politikoekin”, ez baitute “bizikidetzan laguntzen”.
Horrez gain, jaietako egitaraua “sektarioa” dela eta “hobetzeko tartea” baduela iritzi du EAJk: “Hondarribiko jaiek kultur proposamen pluralagoa eta ez hain sektarioa merezi dute, herritarren gustu eta sentsibilitate aniztasuna jaso eta belaunaldi guztiak erakarriko dituena”. Norabide berean, txosna gunearekiko ere kritiko azaldu dira. Izan ere, “joera politiko nabarmeneko pankartak pilatzearen ondorioz, jende asko ez da eroso sentitzen eta ez da inguru horretara hurbiltzen. Gainera, kontzertuak ere “joera horrek markatutakoak” direla iruditzen zaie, eta txosna gunea “ghetto politiko” gisa definitu dute.
Hala ere, “herritarren portaera bikaina eskertu” nahi izan du EAJk, baita elkarte, kultur eragile eta kolektiboen “lan eta lankidetza desinteresatua” ere, “urteak daramatzatelako adin eta publiko guztientzako jai egitarau zabala eskaintzen”.

