Garazi Kamiok eta Karlos Linazasorok bereganatu dute Irun Hiria literatur saria
Bi urtean behin egiten den literatur lehiaketaren irabazleak iragarri dituzte. Txema Garcia-Vianak eta Maite Lopez las Herasek jaso dituzte epaimahaiaren aipamen bereziak.
Garazi Kamio, Irun Hiria literatur lehiaketaren irabazleetako bat Irun Hiria Kutxa Literatura Sarien 46. edizioaren irabazleak iragarri zituzten larunbatean. Urtarrilean abiatu zuten lehiaketa, eta apirilean amaitu. Orain, sariketa osatzen duten lau epaimahaiek haien erabakiak plazaratu dituzte. Beste urte batez, lau sari banatuko dira: euskarazko eleberria, euskarazko olerkia, gaztelaniazko eleberria eta gaztelaniazko olerkia. Sari ekonomikoaz gain, irabazleek haiek aurkeztutako lana argitaratzeko aukera izango dute, euskarazkoak Elkar argitaletxearen eskutik, eta gaztelaniazkoak, aldiz, Pepitas de Calabaza eta Reino de Cordelia argitaletxeen ardura izango dira.
Garazi Kamio izan da euskarazko eleberrian gailendu den idazlea. Moebiusen Ertzak liburua aurkeztu zuen andoaindarrak lehiaketara, eta epaimahaiak lehenengo postua eman dio. Euskarazko eleberriaren kasuan, Jon Martinek, Joxe Mari Iturraldek eta Arantxa Urretabizkaiak osatu dute epaimahaia. 20.000 euroko saria bereganatu du Kamiok. Euskarazko eleberrien barnean Txema Garcia-Vianaren Bidaiak, laztanak eta orbainak lanari aipamen berezia egin nahi izan diote.
Euskarazko olerkiaren sariaren irabazlea Karlos Linazaroso izan da. Felipe Juaristik, Beatriz Chivitek eta Jon Gerediagak osatutako epaimahaiak idazle tolosarraren lana aukeratu du: Bazter utzietan. Linazasorok ere sari ekonomikoa jasoko du, 15.000 eurokoa. Olerkietan ere epaimahaiak aipamen berezi bat egin du: Maite Lopez las Heras idatzitako Oren Hilak.
Kutxa Fundazioak adierazi du literaturarekiko eta liburuaren balio kalitatearekiko konpromisoa haien izaeraren parte dela, eta horren adibide dela Irun Hiria literatur saria. “Irun Hiria sariek ibilbide luzea dute, eta garai bakoitzeko gizartera eta literatur joeretara egokitzeko gaitasuna izan dute”. Horrez gain, antolakuntzak uste du irabazleen lanak argitaratzeko erabakia oso garrantzitsua dela, literatura sorkuntza zabaltzeko balio duelako.
Gaztelaniazkoak
Gaztelaniazko eleberrian Mario Marin izan da garaile. CMYK liburua aurkeztu zuen Marinek, eta Luisa Etxenike, Aixa de la Cruz eta Jon Bilbao epaileek aukeratu dute. Olerkietan, Marina Casadoren Un mar que nadie mira iragarri dute irabazle Manuel Ricok, Antonio Colinasek eta Raquel Lanserosek.

