60 urtetik gorakoek badute zer egin
60 urtetik gorakoei begirako Bizi Gogoz egitasmoaren gaineko azalpenak eman dituzte udaleko kideek. Izen ematea hilaren 19an zabalduko da.
Irungo Udalak 60 urtetik gorakoei begirako Bizi Gogoz programaren gaineko xehetasunak eman ditu, zehazki udazkeneko programazioarena. Horren barruan bost tailek izango direla jakinarazi du udal erakundeak, “60 urtetik gorakoen artean harremanak sendotzeko eta sormena nahiz ongizate fisiko eta mentala sustatzeko jarduerak izango dira”. Horietan ziena emateko aukera hilaren 19tik (ostirala) 30era artekoa izango da.
Atzo, agerraldian, eman zituzten Bizi Gogoz-en ikasturte hasierakoen berri Berdintasuneko Arloko ordezkari Josu Igiñizek, Natalia Perez arloko Adinekoen Zerbitzuko arduradunak, eta Leontxo Garcia, Olga Grande eta Junkal Alfonsok. Esa zuten iazkoa izan zela Bizi Gogoz-en lehen urtea herritarrek partaidetza aurrekontuen prozesuan (2023koan) hala eskatuta. Igiñiz arlokoaren udal arduradunaren arabera, hiriko adinekoen arteko harremanak sustatzen jarraitzea da euren asmoa, hautatua ez den bakardade egorekin hautsi eta narriadura kognitiboari aurre egiteko. “Adinekoak aktibo sentitzeko aukerak eskaintzea eta horretarako giro atsegin eta positibo bat sortzea da gure helburua, onuragarria baita haien osasunarentzat”.
Honakoak dira, programako bost tailerren izaeran sakonduz, haien ezaugarriak udalak emandako azalpenekin:
- Do Re Ni tailerra: musikaren bidez adinekoen gaitasunak estimulatzea eta narriadura kognitiboa prebenitzea du helburu, eta Xabier Lizaso musikariak emango du, ekainetik datorren urteko martxora arte, Lekaeneko apartamentuetako espazio sozialean. Saioak euskaraz edo gaztelaniaz izango dira, taldearen arabera, baina beste hizkuntza batzuk ere erabiliko dira, abestien bidez, garunak esfortzua egin behar izan dezan haiek ulertu eta ahoskatzeko.
- Idazketa emozional pilulak: amodio propioa. Itziar Sistiaga idazleak emango du, urriaren 2an, 17:00etatik 19:00etara, Palmera-Montero Gunean, eta parte hartzaileek autopertzepzioa eta amodio propioa landuko dituzte, idazketa ariketen bidez.
- Gymchess. Xakearen bidezko estimulazio kognitiboa. Taula eta xake piezak erabiliko dira lanerako, baina ez da beharrezkoa xakeaz ezer jakitea. Aitzitik, tailerra entrenamendu kognitiborako sistema bat da, adinekoen behar kognitiboen arabera diseinatua. Leontxo Garciak emango du, urrian eta azaroan, Palmera-Montero Gunean, hiru taldetan, 60 eta 70 urte artekoak, 71 eta 80 urte artekoak eta 80 urtetik gorakoak bananduta.
- +60ART: Jorge Oteiza. Tresna kultural eta artistikoak emango zaizkie artearen alorrean interesa dutenei, eta korronte artistiko batzuk edo artista garrantzitsuak ezagutarazi; kasu honetan, Jorge Oteiza bera. Junkal Alfonsok emango du, azaroko astearteetan, 16:30etik 18:30era, Oiasso Museoaren egoitzan, eta, azaroaren 27an, ostegunarekin, irteera bat egingo da, Oteiza Museo Fundazioaren egoitzara.
- Irrati teatroa. Olga Grande kazetariak irrati teatro proiektu bat egiteko eskola teoriko eta praktikoak emango ditu, Palmera-Montero Gunean, urrian eta azaroan.
Udan Gogoz
Adinekoen ongizate eta elkar harremanak sendotzeko bidean, udan ere programa bereziak izan dituzte haientzat 60 urtetik gorakoak, Udan Gogoz. Egitasmoaren balorazio baikorra egin du Josu Igiñiz zinegotziak, eta nabarmendu du kalean egindako jarduerek bereziki izan dutela arrakasta gehien, tartean izan direlarik Sargia parkean egindako gimnastika eta yoga saioak, edo irteera nahiz txangoak. Hala, gimnastika saioetan eguneko 45 pertsonak parte hartu dute batez beste, eta yoga saioetan, 25ek. Irteerak, berriz, hilean bi egin dira, Euskal Herriko hainbat lekutara, eta, haien barruan, bisita gidatuak eta dastaketa gastronomikoak izan dira, parte hartzaileak elkarrekin egoteko eta elkar ezagutzeko; guztira, 212 lagunek (34 gizonek eta 178 emakumek) parte hartu dute irtenaldietan.

