Adour-Bidasoa pintura lehiaketako saria, Valentziara
Gonzalo Romero valentziarrak irabazi du sariketa, 'POPS' arte lanarekin. Horrez gain, epaimahaiaren sari berezia Miren Gonzalezek eskuratu du, eta artista gazte hoberenarena Maiane Sanchezek.
Adour-Bidasoa pintura sariketaren 34. edizioa Gonzalo Romero Navarro artista valentziarrak irabazi du, collagea eta akrilikoa uztartzen dituen POPS lanarekin. Hori dela eta, 2.500 euro eta plakarekin itzuliko da Romero Marinesera (Valentzia).
Hain zuzen, 1992an antolatu zen lehenengoz pintura sariketa, “eta argi eta garbi mugaz haraindiko bokazioa du. Bidasoaren bi aldeetako margolarientzako topagunea da”.
Epaimahaiaren sari berezia, ordea, Miren Gonzalez Garaikoetxea irundarrak irabazi du, Bizi-Min-Bizi (bularreko minbizia) oihal gaineko olio pinturari esker. Hala, 500 euro eta plaka eskuratuko ditu.
Azken saria, artista gazterik hoberenaren saria, Maiane Sanchez Perurena beratarrak irabazi du, Ezkutaketan oihal gaineko olio pintura lana aurkeztuz. Gonzalezek bezala, 500 euro eta plaka irabazi ditu.
Hori gutxi ez, eta hiru finalista diploma ere banatu dituzte. Gustavo Fuentetaja Calle segoviarrak (Espainia) Bipolarra oihal gaineko olio pinturagatik irabazi du, Jose Agirre Iturrioz hendaiarrak Ponle tú el título taularen gaineko akrilikoari esker, eta azkenik, Juan Carlos Cardesin Gonzalez donostiarrak Montañas brillantes lanarekin irabazi du.
Bestetik, aurkeztutako 42 lanetatik 35 hautatu eta erakusketa ikusgai izango da Amaia KZko erakustaretoan. Bihar, hilaren 12an, 19:00etan irekiko dute erakusketa, eta une horretan izango da sari banaketa.

